Portugalera joan da XXVII. Gipuzkoa Klasikako txapela
Gazte mailako txirrindulariek 123 kilometroko ibilbidea osatu dute Urretxun jokatutako XXVII. Gipuzkoa Klasikan. Ibai Chicok eraman du lehenengo herritarraren saria
Gaur jokatu dute Gipuzkoa Klasikoaren 27. edizioa Urretxun. Iparragirre 2020 egitasmoaren barruan antolatutako lasterketa hau, gazte mailako proba garrantzitsuena izan da txirrindularientzat. Iparragirre plazatik 10:30etan abiatu ostean, 123 kilometroko ibilbidea egin dute parte-hartzaileek.
Talde euskaldun eta espainiarrez gain, Europa mailako taldeak ere gerturatu dira Urretxun jokatutako txapelketara, eta hainbat izan dira gaurko lasterketan saria lortu dutenak. Sailkapen nagusian, Antonio Morgado portugaldarra izan da Gipuzkoa Klasikoaren 27. edizioko txapela jantzi duena lasterketan lehenengo postua lortu ostean, Barraida Cycling Club taldekoa. Haren atzetik heldu da Willebrord Wil Voorvit taldeko Bart Hordijk holandarra, irabazlea baino 39 segundu beranduago. Hirugarren postua, berriz, Team Inca taldeko Paulo Cesar Pantojak eraman du.
Taldeko txirrindulari guztien sailkapena kontuan izanda, Portugalgo Barraida Cycling Clubek lortu du talde onenaren saria, lasterketako irabazlearen taldeak. Tarteko helmugen saria Euskadin geratu da Bizkaiko Selekzioko Eder Morenoren garaipenari esker, eta mendiko saria Bart Hordijk holandarrak eraman du 10 punturekin.
Aurtengo Klasikako lehen euskalduna Yago Aguirre gaztea izan da, Donosti Berri taldekoa. Lehen herritarraren saria, berriz, Bellota Goierri taldeko Ibai Chicok eraman du, etxekoen txalo zaparradarekin batera.