Hermosak 'Urretxutik mundura' obra aurkeztu du, bere lagunekin
Gorka Hermosa akordeoilariak Urretxutik mundura obra aurkeztu zuen igande arratsaldean Urretxuko San Martin de Tours parrokian, punta-puntako artistek lagunduta.
Hermosak Urretxuko Udalaren enkarguz konposatu du obra hau, Iparragirre 2020 egitasmoaren barne. Joxe Mari Iparragirreren melodia ezagunenen moldaketak eta bere obrak fusionatu ditu.
Igandeko ikuskizunean punta-puntako artistek parte hartu zuten, Urretxuko akordeoilariak gonbidatuta: Joseba Apaolaza aktore urretxuarrak, Toti Martinez de Lezea idazleak, Jon Maia eta Maialen Akizu bertsolari urretxuarrek, Marina Pardo mezzosopranoak, Blanchard Strings orkestrak eta Easo abesbatzak.
Akordeoilaria, pozik
Hermosa pozik ageri zen atzo. «Oso gustura aritu ginen. Oso harro nago halako lagunak edukitzeaz. Maialen Akizu ez nuen ezagutzen eta fitxaketa polita izan zen. Oso kontzertu berezia izan zen eta hunkituta amaitu nuen».













