Herritarren energia kooperatibak aurkeztu ditu Aldundiak Goierri behean
Herritarren energia kooperatibak, Ekiolak deiturikoak, energia trantsiziorako aukera bat bezala aurkeztu ditu Ignacio Asensio Aldundiko diputatuak. Goierri beheko udal ordezkariekin, Goieki Garapen Agentziaren egoitzan egin den bileran aurkeztu dute kooperatiben proiektua.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentua energia sistema berriak ezartzea bultzatzeko lanean ari da. Zehazki, energia berriztagarri jasangarriak eta autokontsumoa aukeratzen dituzten sistemak eta lurraldearen kanpoko mendekotasun energetikoa murriztea helburu dutenak. Gainera, bultzatu nahi diren energia sistema berriek herritarrak ahalduntzea eta energia sistemaren erdigunean rol aktiboarekin kokatzea bilatzen dute.
Hori horrela, gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensio herritarren kooperatiba energetikoen proiektua aurkeztu zien Goierriko Udal ordezkariei, Goierriko Goieki Garapen Agentziaren egoitzan, Ordizian. Bertan izan ziren, Iker Galparsoro Goiekiko zuzendaria, Laia Koop.-eko Rosa Aurkia, eta Ataungo, Beasaingo, Mutiloko, Olaberriko, Ordiziako, Segurako eta Zaldibiako Udal ordezkariak.
Jose Ignacio Asensiok berak nabarmendu duenez, hain beharrezkoa den trantsizio energetikoa gizarte gisa daukagun erronketako bat da; izan ere, klima aldaketari aurre egiteko balio izateaz gain, hura da Gipuzkoako 62.000 etxeri baino gehiagori eragiten dien kalteberatasun energetikoa desagerrarazteko tresnarik onena”.
Irabazi asmorik ez
Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak bultzatzen dituen herritarren energia kooperatibak, irabazi asmorik gabekoak dira, eta eguzki energia sortzen eta kudeatzen parte hartzera bultzatzen dituzte herritarrak, beren hornidurarako.
Energiaren Euskal Erakundearekin eta Krean ingeniaritzarekin batera sustatzen dira, Gipuzkoako lurralde historikoan Ekiolak izeneko eguzki energiako herritarren kooperatiben instalatzaileak baitira horiek.
Proiektu honen baitan, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak eta Ekiolak elkarlanean egingo dute Gipuzkoan elektrizitatea teknologia fotovoltaikoarekin sortzeko kontsumo kooperatiben plangintza. Baita herritarrek eta erakunde desberdinek kooperatiba horietan parte hartzea bultzatu eta erraztu ere.
Proiektua martxan jarrita, helburua da, 2050ean BEGen guztizko isurketak, 2005. urtearen aldean gutxienez %80 murriztea. Horrez gain, energia berriztagarrien kontsumoa, azken kontsumoaren %80 izatea, 2050erako.
Trantsiziorako laguntzak
Energia trantsizioa arintzeko, laguntza-lerro bat aurkeztu du Ingurumeneko departamentuak Europan, Euskadi Next egitasmoaren bidez.
Asensiok esan duenez, “energia trantsizioaren oinarria dago berriztagarriak aukeratzen dituzten eta herritarrak rol aktiboarekin posizionatzen dituzten sistema energetiko berriak sustatzean, eta ingurumenaren arloan lanean ari gara Europako funtsak mobilizatzea lortuko duten proiektuak izan daitezen”.
Zero kilometro
Kooperatibak sortzearekin, herrialdearen balioekin eta egitura ekonomikoarekin lotzeaz gain, auzotar askok parte hartzea dakarten proiektu handiagoak eratzea ahalbidetzea bilatzen du Ingurumeneko departamentuak.
Horri esker, energia-azpiegiturak bertan instalatu eta gertuko energia sortu nahi dute.
Kooperatibaren kideek, sortzen duten energiaren kontsumitzaileak izango direnak, kooperatibaren jabetzaren zati bat erosten dute, etxebizitzaren energia kontsumoaren pareko kostuarekin.
Kooperatiba bakoitzak eraiki eta erabiliko ditu instalazioak, kostu egonkor batekin eta epe luzerako.Emaitzak, kooperatibistei itzuliko zaizkie faktura elektrikoetan, argiaren faktura, gutxi gora behera, %20-30 murriztuta.