Solkie, Zerainen taldean dantza egiteko aukera
2019ko irailean Solkie dantza taldea sortu zuten Zerainen. Dena den, koronabirusa dela eta, orain arte ezin izan dute emanaldirik egin. Atzo izan zuten lehenengoa, udako solstizioa ospatzeko jaialdian.
Zerainen ere taldean dantzan ikasi eta gozatzeko aukera dute herritarrek 2019az geroztik. Urte hartako irailean Solkie dantza taldea sortu zuten, baina atzo izan zuten lehendabiziko emanaldia taldeko dantzariek, udako solstizioa ospatzeko jaialdian, herrian bertan. Koronabirusa dela eta, sortu zutenetik orain arte ezin izan dute zuzenekorik egin: «Apirilean Zegamako dantzari txikia izan behar zen lehenengo irteera, eta herriko festetan ere asmoa zen ekitaldiren bat egitea, justu itxialdia etorri zen eta dena bertan behera gelditu zen; orain izan da gure aukera», azaldu du Irati Otamendi Solkie dantza taldeko irakasleak. Bideo deien bidez izan zituzten aurreneko entseguak, eta 2020ko irailetik Zeraingo frontoian elkartzen dira. 21 kide dira taldean, bi azpitaldetan banatuta: umeen taldean 13 dira, 5 urtetik hasi eta 12 urte inguru arte, eta helduenan, aldiz, 8 lagun. Ordu eta erdiko entseguak izaten dituzte astean.
Dantza eskualdean
Dantza talde baten falta sumatu eta Otamendik berak jarri zuen taldea sortzeko ekimena martxan: «Dantzarekin lotura estua daukan eskualdea da Goierri eta ia herri guztietan dago taldea. Zerainen ez zegoen eta ezagun baten bidez interesatuko lukeen galdetu eta baiezkoa jaso nuen».
Txikitatik ibili izan da dantzan, ikasle zein irakasle lanetan. Besteak beste, Ordizian, Seguran eta Beasainen aritu da, eta azken horretan dabil orain, Ostadar dantza taldean. «Ikusi nuen Zerain bezalako herri txiki bati ere dantza egiteko horrelako aukera bat eman behar zitzaiola».
Izenaren hautaketa
Behin taldea sortzeko erabakia hartuta, izena aukeratu zuten: Solkie. «Inguruan dauden mendi edo lekuen izen gehienak hartuta daude eta Zerainen erabiltzen diren hitz esanguratsuak bilatzen hasi ginen». Lagun baten amonak lagunduta topatu zuten gustoko zuten hori: «Garai batean erabiltzen zen buruan jartzen zen elementua da solkie, gainean ontziak eramateko, eta baserritik herrira jaisten zirenean hori eramaten zuten jantzita».
Atzoko emanaldiaren ondoren, ez dute ekitaldi zehatzik antolatuta. Bitartean, entseguetan dantzan jarraituko dute.