Kontziliazioa, hurbilago
Beasaingo enpresa txikien gehiengoak kontziliazioa bermatzeko neurriak hartuak ditu. Telelanerako baliabideak dituzten enpresen kopurua hazi egin da. Bada zer hobetua oraindik
Beasaingo enpresa txiki gehienek kontziliazio parekidea bermatzeko neurriak ezarrita dituzte jada: hamarretik zortzik euren langileei oporrak moldatzeko aukera eskaintzen diete. Eta %83,4ak ordutegi malgua du.
Enpresen ia erdiak telelanerako prest daude. Kopurua bost puntutan hazi da azken hilabeteetan. Pandemia bete-betean enpresa txikien herenak jo zuen telelanera.
HerriLab proiektuan egindako lanketan jaso dira datuok. Urtebete baino gehiago ibili dira kontziliazio politikak aztertzen. HerriLab Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektu pilotua da, Beasainen garatzen ari dena. Helburua emakumeei eta gizonei lana, familia eta garapen pertsonala modu orekatuagoan uztartzen lagunduko dieten dinamikak sortzea da. Aurrez enpresa handiekin egin zuten lanketa; pasa den astean enpresa txikiekin bildu ziren. Bataz beste hamaika langileko 36 enpresek hartu zuten parte; atzo, Bareakeko merkatariekin bildu ziren eragileak.
Bada oraindik zer hobetua. Lanaldia murriztea erabakitzen duten gehiengoa oraindik emakumezkoa da. Era berean, hainbat sailetan, produkzio lerroetan esaterako, kontziliaziorako neurriak aplikatzeko zailtasunak topatu dituzte.
Lanaldi jarraitua
Uda garaian enpresa txikien erdiak lanaldi jarraitua egingo du. Kontziliazioaren ikuspegitik eraginkorragoa da.