Ohi baino herri gutxiagotan, baina piztuko dute sua
San Joan bezperan surik ez piztea erabaki dute hainbat herritan. Beste batzuk, mugatuta egingo dute. Eta badira surik ez baina bestelako ekitaldi batzuk mantenduko dituztenak ere. Herri txikietan eutsiko diote, batez ere, tradizioari.
Udan sartu berritan, San Joan bezperako sua piztuko dute gaur Goierriko hainbat herritan, urteko gaurik motzenean. Berezia izango da aurtengoa ere, koronabirusa dela eta: ekitaldi herrikoiak egingo dituzte herri batzuetan, eta beste batzuetan, berriz, ez surik ez ekintzarik antolatzea erabaki dute. Altzagan, Beasainen, Gabirian, Gaintzan, Itsason, Olaberrian, Ormaiztegin, Mutiloan, Urretxun, Zaldibian eta Zerainen sua piztu eta udako solstizioa ospatuko dute.
San Joanetako sokadantza egingo dute Beasainen 19:00etan, gonbidapenarekin. Ballet eta dantza ikuskizuna izango da, Loinazko San Martingo basilikan. Txistulariak ere aterako dira herria girotzera, ordu erdi lehenago basilikatik bertatik Igartzaraino, eta euria ari badu aterpez aterpe ibiliko dira. Gabirian 22:00etan sua piztuko dute Gurutz-Bakarren, Gaintzan 21:30ean herriko plazan, eta Zaldibian 17:00etan, plazan. Haurrentzako ekitaldi sinbolikoa izango da azken hori.
Olaberrian, aldiz, ez da ikuslerik izango. 22:30ean piztuko dute sua eta Goierri Telebistak zuzenean emango du. Itsason eta Mutiloan ez da su bakarra egingo, etxe eta baserrietan piztuko baitituzte, bakoitzak berea, ohi duten bezala. Itsason, gainera, Ostatuak afaria eskainiko du 21:00etan. Izena emateko ostatura deitu behar da aurrez. Ormaiztegin dantza eta musika izango da, 19:30ean eskolako zelaian, eta euri ari badu, Zubipen.
Meza eta musika
20:30ak aldera mokadutxoa hartuko dute Altzagan, eta jarraian, 21:30 aldera, sua piztuko dute. Zerainen, sua piztu aurretik dantza eta musika izango dira plazan: haurren dantza saioa eta Uharka abesbatzaren emanaldia. Ondoren, suarekin batera mokadua hartuko dute izena eman dutenek.
Urretxun, azkenik, meza egingo dute iluntzean Santa Barbarako ermitan. San Joan egunean egin ohi dute erromeria, baina aurten festa girorik ez da izango bihar, eta gaurko hainbat ekintza antolatu ditu udalak. Mezan bertan bertso saioa ere izango da, eta suaren bueltan dantza egingo dute gero.
Bitartean, Lizarriturri Txistulari Elkarteko eta Iparragirre-Balerdi Musika tailerreko kideek herriko kaleak girotuko dituzte.