Aspergarriagoa izango da hemendik aurrerakoa
Kilimak jostailu dendak ateak itxiko ditu ekainaren 30ean. Maria Nazabalek aitortu du azken egunak bereziak izaten ari direla. «Malkoren bat ere bota dut». Aurrerantzean jolasteko denbora gehiago izango du.
Begia erakusleihora joaten zaie San Inazio kaleko bosgarrenetik pasatzen direnei. Eta ez dira soilik haurrak. Helduak ere begira gelditzen dira, jolasari ekiteko tentazioari eutsiz. Kilimak dendako jostailuak daude kristalaren atzean. Azkenetarikoak dira. Ateak ekainaren 30ean betiko itxiko ditu-eta.
«Hona ez dira haurrak bakarrik etortzen. Helduak ere bai», zehaztu du Maria Nazabal Kilimak dendako arduradunak. «Batzuk lotsatu edo egiten dira, jostailuekin jolasteko garaia pasa zaiela uste dutelako. Baina hasten denak jarraitu egiten du». Eskaintza zabala da: karta jokoak, mahai jokoak, puzzleak, panpinak, patineteak… Haurrentzako jolas hezitzaileak ere badituzte, «buruari eragitekoak». Jolasean ikasi egiten dute hala, «konturatu gabe». Aniztasuna da ez aspertzeko gakoa, Nazabalen esanetan.
Jolasak berrituz joan dira, egokituz. Puzzleak, esaterako, hiru dimentsioetakoak dira orain; Scape room formatuko jokoak daude modan arduradunaren arabera. «Nabari da etxean denbora gehiago igarotzen dugula orain. Aldaketatxo bat egon da. Familian jolasteko mahai-jolasak apur bat gehiago eskatzen dira». Bezeroek jolas fisikoak eskertzen dituzte Nazabalen ustez, pantaila artean ahituta amaitzen dutelako.
Genero arrakala oraindik egon badagoela dio. Ekoizleez gain, sarri bezeroek elikatzen dute: «Adinaren arabera gehiago edo gutxiago gertatzen da. Baina batzuei kosta egiten zaie patinete arrosa erostea semeari edo eraikuntza jolas bat alabari».
Bezeroek jostailu jasangarriak geroz eta gehiago eskatzen dituzte. Plastikoaren ordez, nahigo dituzten zurezko jostailuak. Kilimaken, adibidez, plastiko birziklatuarekin egindako esku-oihalak daude salgai. Izan ere, jostailuez gain osagarriak ere eskaintzen dituzte: mozorroak, motxilak, eskolarako materiala… «Aurten bakoitzak bere kantinplora eraman behar zuenez eskolara, horiek ere eskaini ditugu».
Bezeroak, lagun
Kilimak zaharragoa den arren, Nazabalek bospasei urte daramatza denda gobernatzen. Lan lotua dela dio. «Pertsiana jaitsitakoan webgunea eta sare sozialak elikatzea tokatzen da edo hornitzaileekin hitz egin… zaila da erabat deskonektatzea eta atseden hartzea», aitortu du. Lagunek eta ilobak laguntzen die behar duenean. Proiektuak ez du izango jarraipenik, halere.
Nazabal gustura aritu da. «Harreman politak sortu ditut dendari esker. Azken egunak bereziak izaten ari dira. Malkoren bat ere bota dut», osatu du. Olentzero bera Kilimakeko bezeroetako bat da.
Nazabalek bigarren ogibide bat ere badu eta horretan zentratuko da orain buru belarri. «Bi lanak uztartzea ezinezkoa zen. Horregatik itxiko dut». Lasaiago ibiltzea espero du, eta jolasteko ordu gehiago ere izatea. «Probatzea gustatzen zait. Bilketa ederra egiten ari naiz orain».