Beasainen idatzi da Gipuzkoako etorkizuna
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz Kapsula Beasainen egongo da gaur. Herritarrei etorkizuneko erronkak iradokitzeko eskatzen zaie
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz Kapsula Beasainen egongo da gaur. “Etorkizunaz pentsatzera eramango gaituen kapsula da, denboraren kapsula balitz bezala”, deskribatu du Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak. Ekimenak herritarrak lurraldearen etorkizunari buruz hausnartzera eta konprometitzera bultzatu nahi ditu. “Guztion artean adostutako erantzunak izan behar dute gure geroa diseinatuko dutenak. Prozesu horretan asko dute esateko herritarrek. Parte hartze hori sustatzea da hain zuzen ere kapsularen helburua”, gaineratu du Olanok.
Olanok herritarren parte-hartzea demokraziaren oinarrian dagoela esan du. “Komunitate indartsua behar dugu demokrazia indartsua izateko”. Hiritar kritikoak eta parte-hartzaileak eskatu ditu. “Partaidetza ezinbesteko tresna da herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskuratzeko. Partaidetzari esker gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da… asko dira abantailak”. Gipuzkoak herritarren eskaerei eta beharrei erantzuteko indarra duela aipatu du diputatu nagusiak.
Leire Artola alkateak ere bisitatu du kapsula. Etorkizuneko Gipuzkoa eta Beasain marrazteko aukera dagoela azpimarratu du, eta herritarrei hurbiltzeko deia egin die. Garrantzitsuak diren gaiak jorratzen direla bertan gogorarazi du. “Ongizatea dago funtsean”.
Hiru zati
Kapsula laburra da, baina hiru zatitan dago banatuta. Bisitaria kapsulara sartzen denean Gipuzkoak egun dituen ezaugarriak ikusten ditu parez pare. 2040. urtean zein balio mantendu beharko liratekeen galdetzen zaio; aurrera jarraituta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraiki programa zer den azaltzen da. Kapsularen egitasmoa programa honen baitan egiten ari da; bukatzeko, bisitariari etorkizuna eraikitzeko euren konpromisoa idazteko eskatzen zaio. Idatzitakoa etxera eraman daiteke, kapsula txiki batean. Gainera, photocall bat jarri dute kanpoaldean, parte hartzaileei argazkia ateratzeko. “Ekimen oso interaktiboa da. Jolas moduan planteatu dugu, baina sakoneko helburua zein den ahaztu gabe. Kontzientzia sortu nahi dugu gure etorkizuna lantzearen eta eraikitzearen alde lan egiteak duen garrantziaren inguruan”, amaitu du Olanok. “Gipuzkoak epe ertain eta luzera dituen erronkak sekulakoak dira”.
Artolak Olanori ongi etorria eskerrak eman dizkio Beasainera, bere jaioterrira, etortzeagatik eta ongi etorria eman dio. Olanok erantzun dio Beasainera gustura etortzen dela.