Euskararen Urrezko Bikain ziurtagiria jaso du Legorretako Udalak
Eusko Jaurlaritzak banatzen ditu. Euskararen presentzia, erabilera eta hizkuntza kudeaketa egokiak egiaztatzen ditu. Aitortza hori lortzeko Uemako kide izatea giltzarria izan da udalarentzat
Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria jaso du Legorretako Udalak, hizkuntza politikaren arloan egiten ari den lanagatik. Ziurtagiri edo aitortza horrek, hiru maila ditu eta gorenekoa eskuratu du Legorretako Udalak: urrezkoa.
Eusko Jaurlaritzak ematen du ziurtagiri hori, eta egiaztatzen du euskararen presentzia, erabilera eta hizkuntza kudeaketa egokiak direla. Ziurtagiria lortzeko, kanpo ebaluazio bat gainditu du udalak azken asteetan.
Zelai Amenabarro alkateak esan du «lanean segitzeko bultzada bat» dela. Langileen konpromisoa ere nabarmendu nahi izan du, «udal barruan egiten den lana, hein handi batean, haien esku dagoelako, horregatik baloratu nahi nuke langileek arlo honetan hartutako konpromisoa eta egindako lana».
Uemako kidea
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da udala, eta haren bidez egin du Bikain lortzeko bidea. Legorretako Udalak aste honetan zabaldu duenez, gainera, Uemako kide izatea giltzarria izan da ziurtagiria eskuratzeko: «Legorretako Udala 2016an sartu zen Ueman, eta pauso hori giltzarria izan da Bikain ziurtagiria lortzeko, haren bidez euskara normalizatzeko plana eta bestelako neurriak hartu baititu udalak. Horrekin batera, nabarmentzekoa da udal langileek urteetan egin duten ahalegina euskararen erabilera normalizatzeko. Horren guztiaren aitortza da urrezko Bikain ziurtagiria».
Bi esparru
Ohi bezala, ebaluatzaileek bi esparru hartu dituzte kontuan: zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza. Herritarrei ematen zaien zerbitzuak euskaraz aritzeko aukera zer neurritan bermatzen duen aztertu dute lehenengoan, erakundearen irudian euskarak duen lekuarekin batera. Bigarrenean, udal barneko jardueretan eta kudeaketan nolako lekua daukan euskarak.
Legorretako Udalak zabaldu duenez, «ebaluatzaileek nabarmendu dute Legorretako Udala herriko eragileekin batera lanean ari dela euskara normalizatzeko, eta udalaren beraren jarduna eredugarri dela bide horretan».
2008tik
2008an Bikain ziurtagiriak lehenengoz eman ziren, eta 2020ko abendura arte,arlo guztietako 410 erakundek jaso dute guztira: 173 erakundek goi mailako ziurtagiria jaso dute, 161ek, tartekoa eta 76-k oinarrizkoa.
Ziurtagirien banaketa ekitaldia udazkenean egin ohi da, baina Eusko Jaurlaritzak udalei egun hauetan jakinarazi die ziurtagiria lortu dutela.