Goierritarrak Gaztelarekin Nafarroaren aurkako gerrara deitu zituztela 500 urte, "kartzela eta heriotza mehatxupean"
Gaztelak Nafarroaren aurka guda egiteko deituta, 216 goierritar joan ziren 1521eko ekainaren 19ra Logroñoko alardera. Lehenengo deialdian ez zuten soldadurik bildu. Mehatxupean joan behar izan zuten gero.
Euskal Herriaren historian urte giltzarria izan zen 1521a. Nafarroak Ebrorainoko lurraldeak birkonkistatu zizkion Gaztelari, 9 urte lehenago galdutakoaren zati bat berreskuratuz. Baina bira tamalgarria hartu zuen gerrak, eta, estatus beregaina izateko aukeratik, Pirinioez hegoko lurren kontrola betiko galduz bukatu zuen.
Historiografia espainiar ofizialak beti nabarmendu du gipuzkoarrak Gaztelaren alde borrokatu zirela. Baina kontakizunaren zentzua asko aldatzen duten xehetasun batzuk, hara non, isilduta. Azken urteetako ikerketekin azaleratzen ari dira orduko datu gehiago. Asko, gaztelarren ildoaren bestelakoak.
Larunbatean bete ziren 500 urte, esate baterako, Goierriko hainbat herritako soldaduek Gaztelaren alarde batean parte hartu zutenetik. Segurako Erraztiolatza museoan herritar haien zerrenda osoa dago ikusgai. Simancaseko artxibategiko (Espainia) agiri bat da.
Segurako eta orduan bere babespean zeuden inguruko herrietako 137 gizonezkoren izenak ageri dira, abizentzat baserriaren izena dutenak. Juan Velez de Gebara segurar jauna zuten kapitain. Logroñora joan ziren 1521eko ekainaren 19ko arma-alardean parte hartzera, Gipuzkoako osteen barruan. Nafarroaren aurka gerrara joateko prestaketa zen; Noaingo gudu latza ekainaren 30ean izango zen.
Lehen deialdiari muzin
«Dokumentu hau Simancasen dago, Valladoliden, Espainian. Baina Seguran egon beharrekoa da. Bitxia da Seguran garai horretako dokumenturik ez egotea. Segurarrak Ganboatarrak ziren, nafar erresumaren aldekoak. Agiri honek esan nahi du hemendik eraman egin zituztela», dio Erraztiolatza museoko Rafa Berasategik.
Agiriak gordetzeaz gain, gertakizun guztiak ez dira igaro kontakizun ofizialera. Logroñoko alardera, Segurako deialdian bildutako 137 goierritarrez gain, Gipuzkoako beste 29 herritan bildutako soldaduak ere joan ziren; 1.805 gipuzkoar, guztira. Tartean daude Areriako 79 herritar ere, Zumarragan bilduak. Logroñorako bidean hiru goierritar gelditu ziren bolboraz erreta.
«Guri beti kontatu izan digute Espainiako Historian Nafarroa Gipuzkoak eta Gaztelak konkistatu zutela. Baina nola? Azpeitiko artxiboan, Bittor Herrero artxibozainak aurkitu zuen dokumentu bat, non azaltzen den herrietan bi deialdi egin zituztela. Lehenengoan ez zen inor agertu. Pentsa zer esanahi duen Gaztelak bere estatuaren alde gerrarako deitu 1521ean, eta jendeak ezezkoa esatea. Euskaldunak orduan ere tontoak ez ziren, eta bazekiten Gipuzkoa zer lurralde zen, Nafarroaren berdina zela».
Bigarren deialdiak izan zuen bereizgarri bat: joaten ez zenari kartzela eta heriotza zigor mehatxua gehitu zioten. Orduan, Seguran 137k eman zuten izena. «Behartutako jendea da zerrendan agertzen den jendea».
Ezkutatutako datuak
Erdi Aroko artxiboak ikertzen segitzen du Berasategik, beste kide batzuekin. Gertatutakoez idatzi zirenen eta kontatu direnen artean «kontraesanak» daudela ikusi du. «Azpeitiko informazio hori, kurioski, ez zegoen Simancasen, Azpeitian baizik. Beste herrietan ere ezer ez, dena desagertuta. Nafarroarekiko lotura duten 1512ko eta 1521eko dokumentuak Seguran ez daude. Baina Iruñeko agiriek diote zer borrokak egon ziren eta Segura , eta Nafaroaren alde nola posizionatu zen diotenak».