Herria garbiago egoteko, 'Zaindu Lazkao' kanpaina abiatu du udalak
Txakurren gorozkien arazoa konpontze aldera eta herrian garbitasun handiagoa lortze aldera, Zaindu Lazkao kanpaina sortu du Lazkaoko Udalak. Zibismoa indartzea izango du ardatz ekimenak. «Lazkao garbia ez da gehiago garbitzen dena, gutxiago zikintzen dena baizik. Lazkaotar bakoitzak herria garbi mantentzen kolaboratzen badu egunerokoan, garbitasunaren iraultza lortuko dugu gure herrian», azaldu du udalak.
Helburu orokorren artean, kalea nahiz natura-eremuak garbi mantentzea, eta birziklapena ugaritzeko hondakinak bereiztea jarri ditu. Lehenengo kanpaina, ordea, txakurren gorotzen ingurukoa izango da.
Hitzaldia asteartean
Lazkaon geroz eta txakur gehiago dagoela ikusita, animaliak «behar bezala kudeatu» behar direla ohartarazi du udalak. «Dagokion bezala paseatu, dagokien guneetan, eta gorozkiak jaso».
Etxeetara informazio orri bat banatuko dute, animalien babeserako udal araudiaren berri emateko. Asteartean, ekainak 29, Kangunea elkartekoek Txakur ekintza zuzenak hitzaldia emango dute. Udazkenean hezitze ikastaro bat ere jarri nahi du.













