Maialen Akizu: «Bertsolariek ingurukoekin egon eta zaintzeko zailtasunak dituzte»
Maialen Akizuk EHU-ko AFIT ikerketa taldeko kide eta Soziologian doktoregaiak UEUren Ikergazte kongresuan parte hartu du. ‘Bertsolarien izeberg-a. Zaintzaren begiradatik bertsolarien bizitzen azterketa’ lana aurkeztu du. Ikergazte kongresuaren helburua ikertzaile euskaldunak ezagutaraztea eta euskarazko ikerketa sustatzea da.
Zer diozu Ikergazten aurkeztu duzun lanari buruz?
Masterreko lana zen. Gerora, Mintzola beka jaso zuen eta Ikergazteren deialdira aurkeztea erabaki nuen. Izan ere, tesia egiten ari naiz eta kongresuetan parte hartzea bidearen parte da. Ikergazte bi urtetan behin antolatzen dute, euskarazko akademia sustatzeko. Artikulu guztiak datu basera doaz eta, hala, euskarazko bibliografia asko handitzen da.
Zenbat lagunek parte hartu duzue?
145 inguruk: ni Soziologiatik, hurrengoa Erizaintzatik, hurrengoa Fisikatik… Oso ondo dago, doktoretzarena oso bide bakartia baita eta, gainera, ez baituzu beste diziplinetakoak ezagutzeko aukerarik.
Esperientzia ona izan da, beraz.
Antolakuntza bikaina da eta hizkuntzaren hautua oso garbi dute. Mimo handiz antolatzen dute guztia: bazkariak, laneko materiala, Errekalehor ezagutzera eraman gintuzten, Jimmy Jazz-en kontzertua antolatu zuten…
Bertsolaritzari eta zaintzaren ekonomiari buruzko lana aurkeztu duzu.
Bertsolaritzan, feminismotik aurrerapauso ikaragarriak eman dira. Bertsolariak desordutan ibiltzen dira eta hori nola kudeatzen duten jaso dut, besteak beste. Bertsolariei ez zaie askotan galdetzen gai horri buruz eta bertsolari batzuk elkarrizketatu nituen. Ekonomia ez da barne produktu gordina bakarrik. Sortzaileei sortze prozesuei buruz galdetzen zaie, baina soldatari, egunerokoari, baja edo ezinen kudeaketari buruz…oso gutxi hitz egiten da. Horrek beharrak identifikatzea zailtzen du. Ez dugu gure lana logika merkantilista hutsarekin lotzerik nahi baina hor gaude eta nola iraun. Azken urtebete honetan kultura zaintzeaz hitz egin dugu, baina zertaz ari gara? Badira kulturari bestelako kudeaketa ematen dioten herrialdeak. Bertsolariok Lanku dugu. Beste sortzaile batzuk ez dute halakorik.
Norekin hitz egin duzu azterketa egiteko orduan?
Anonimoa da. Gizonezkoekin eta emakumezkoekin hitz egin nuen. Zaintzaren diskurtsoa pil-pilean dago eta arriskutsua da: askotan gai bati buruz asko hitz egiten da eta ez dakigu zertaz ari garen. Bertsolaria telefono deiaren zain dago. Ez daki hurrengo asteetan zenbat saio izango dituen. Horrek eragina du derrigor euren harreman, antolaketa eta bizimoduan.
Adin ezberdineko bertsolariengana jo al duzu?
Bertsolaritzan gutxienez 15 urteko ibilbidea dutenengana jo dut. Hala, hasi zirenetik gaurdaino zein alde nabaritu dituzten ere jaso ahal izan dut.
Zer esan dizute?
Bertsolari jardunak ingurukoekin egon eta hauek zaintzeko zailtasunak badituela kontatzen dute, baina bere alde onak ere bai. Haurrak eduki dituzten garaian, hala ere, nabarmena da gizonezkoen eta emakumezkoen aldea. Estrategia ezberdinak erabili dituzte: batzuk umeak bizilagunekin utzi dituzte, saioetara lagunen batekin eraman dituzte, bikotearekin adostu dute astea nola antolatu…
Ze erantzun jaso du Ikergazteko aurkezpenak?
Hamar minutuko aurkezpenak eta hirukoak egon dira eta nirea hiru minutukoa izan da. Mikroaurkezpen onenari saria jaso dut. Ez nekien egindako lana hiru minututan eta modu erakargarrian nola aurkeztu eta, bertsolaritzari buruzkoa zenez, segidilla bat egitea erabaki nuen. Denek hitz lauz aurkeztu zuten euren lana, nirea ezberdina eta freskoa izan zen itxuraz, eta saria eman zidaten.