Aldundiak beasaindarren iruzkinak jaso ditu
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz Kapsula Beasainen izan zen atzo. Hiru zati dituen tunel baten modukoa da: sartzerakoan Gipuzkoak egun dituen ezaugarriak ikusten dira parez pare. Bisitariari 2040. urtean zein balio mantendu beharko liratekeen galdetzen zaio; ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraiki programa zer den azaltzen da. Kapsularen egitasmoa programa honen baitan egiten ari dira; bukatzeko, bisitariari etorkizuna eraikitzeko euren iruzkina idazteko eskatzen zaio. Markel Olano diputatu nagusiak azpimarratu zuen herritarren partehartzea sustatzen duen egitasmoa dela. «Guztion artean adostutako erantzunak izan behar dute gure geroa diseinatuko dutenak. Prozesu horretan asko dute esateko herritarrek».
Olanok herritarren parte-hartzea demokraziaren oinarrian dagoela esan zuen. «Komunitate indartsua behar dugu demokrazia indartsua izateko». Hiritar kritikoak eta parte-hartzaileak eskatu zituen. «Partaidetza ezinbesteko tresna da herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskuratzeko. Partaidetzari esker gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da… asko dira abantailak». Gipuzkoak herritarren eskaerei eta beharrei erantzuteko indarra duela aipatu zuen.
Beasaindik, Gipuzkoara
Leire Artola alkatea ere hurbildu zen kapsulara. Etorkizuneko Beasain eta Gipuzkoa marrazten ari zirela nabarmendu zuen eta herritarrei parte-hartzeko deia egin zien. «Ongizatea dago funtsean».












