Aniztasuna, lurraldetasuna eta kalitatea
Igartza Musika Programaren bigarren sehilekoak hamaika kontzertu izango ditu. Hamabost egun barru hasiko da, abendura arte
Igartza Musika Programaren bigarren sehilekoak hamaika kontzertu izango ditu. “Estilo ezberdinetakoak, beti bezala”, azpimarratu du Xabier Sarasola Loinatz Musika Eskolako irakasle eta arduradunak. “Beti bilatzen dugu aniztasuna, bertakoa izatea eta kalitatea”. “Estilo eta aniztasun askoko egitaraua egiten saiatu gara zale guztiengana heltzeko”, gaineratu du Leire Artola alkateak. Xabier Matarranz kultur zinegotziak eta Arantxa Gastesi musika eskolako arduradunak ere parte hartu dute aurkezpenean.
Arrabiten zurdetan taldeak zabalduko du zikloa, hamabost egun barru. Biolinak, biolak, txeloak… uztartzen dituen taldea da. Igurtzitako sokak denak. Horixe esan nahi du Arrabitek; Martin Kortabarria biolin-jole beasaindarrak hartuko du testigua, urriaren 22an. Kortabarria Loinatz musika eskolako ikasle izandakoa da. Kontserbatorioan ibili zen gerora, eta ikasketak aurten amaitu ditu. Sarasolak aitortu du musika eskolako ikasle ohi bat oholtza gainera eramateko gogoa aspaldetik zutela. “Zer esanik ez goi mailako musikaria izanda. Gainera, dakarren pianista, Javier Perez de Azpeitia, ez da okerragoa”; Behin laukoteak joko du abuztuko kontzertu bakarra. Jon Urbizu musika eskolako saxofoi irakaslea da taldearen gidaria. “Pandemiaren erruz musika eskoletako proiektu asko geldirik daude edo desagertu egin dira. Ez da erraza izan aurkitzea”; Organic matters eta Maite Larburu izango dira iraileko protagonistak. Larburuk Krak diskoa aurreratuko du, urrian egingo baitu aurkezpen ofiziala; Antton Valverde Usurbe Antzokian izango da urrian. Sin mala intencion talde ordiziarrak astebete geroago eskainiko du bere kontzertua; Letoniako abesbatza nazionala etorriko da azaroan, Tolosako abesbatzen lehiaketen harira. “Euskaldunok gure burua beti eduki dugu oso kantuzalea. Letoniak ez du zerikusirik. Rigan kantudromo bat dute eta 30.000 abeslari elkartzen dira bost urtean behin. Izugarria da”. Kup abesbatzak Xabier Sarasolaren obraren grabazioa aurkeztuko du abenduan; eta Loinatz abesbatzaren gabonetako kontzertua itxiko du 2021eko zikloa.
Egitaraua |
||
Arrabiten Zurdetan | Uztailak 8 | Igartzako Jauregian, 20:00etan |
M. Kortabarria eta J. Perez de Azpeitia | Uztailak 22 | Igartzako Jauregian, 20:00etan |
Behin laukotea | Abuztuak 5 | Erauskin plazan, 20:00etan |
Organic Matters | Irailak 12 | Igartzako Jauregian, 20:00etan |
Maite Larburu | Irailak 24 | Igartzako Jauregian, 22:00etan |
Antton Valverde | Urriak 15 | Usurbe Antzokian, 19:30ean |
Sin mala intencion | Urriak 22 | Igartzako Jauregian, 22:00etan |
The state choir Latvija | Azaroak 3 | Parrokian, 19:30ean |
Igartza Musika Beka | Azaroak 20-21 | Igartzako Jauregian, egun osoan |
Kup Abesbatza | Abenduak 18 | Parrokian, 19:30en |
Loinatz abesbatza | Abenduak 19 | San Martin basilikan,19:30ean |
Kontzertua gehienak Igartzako jauregian izango dira. Erauskin plazan, Usurben, parrokian eta san Martingo basilikan ere egingo dituzte. Artolak azpimarratu du herriko txoko guztietara eraman nahi dutela musika eta kultura. Edukierak orain artekoak izango dira. Aurrez sarrerak hartu beharko dira.
Musikenerekin, batera
Beasaingo Udalak eta Musikenek akordioa luzatu dute eta Igartza Musika Beka aurten ere egin egingo da. Azaroaren 20 eta 21ean izango dira, parte hartuko duten musikari kopuruaren arabera. “Beti azpimarratzen dugu ez direla adituentzako entzunaldiak. Kontzertuak dira. 15-20 minutuko goi mailako kontzertuak”, nabarmendu du Sarasolak. Irabazleek datorren urteko zikloan kontzertua eskainiko dute.
Artolak orain arteko zikloaren balentze positiboa egin du. Jendearen erantzunarekin “oso pozik” daudela aitortu du. Emanaldi guztiak bete egin dira eta batzuetan jendea kanpoan ere gelditu da.