CAFeko langileek Amiantorenei "lehentasunezko lekuan" jartzeko eskatu dute
CAFerako sarrera nagusia Gipuzkoa Plazatik izango da etorkizunean. Langile Batzordeak bertan jartzea proposatu du
CAFeko Enpresa Batzordeak Ura agentziari, Beasaingo Udalari eta CAFeko zuzendaritzari gutun irekia bidali die Amiantorenei eskultura “lehentasunezko leku batean” jar dezatela eskatzeko. “Eskultura hori obra artistiko bat baino askoz gehiago da”, diote. “Leku horretan, amiantoaren ondorioz pentsona bat hiltzen den bakoitzean CAFeko langileok elarreataratzen bat egiten dugu haren omenez. Bertara, hildakoen senitartekoak joaten dira loreak uztera eta ilisean negar egitera, arrazoi beragatik hildako senidearen omenez”, arrazoitu dute. “Azken finean, amiantoaren biktima diren gainerako pertsona eta senideekin tristura, ezintasuna eta borrokatzeko grina partekatzeko topagunea da”. Enpresa Batzordeak gogorarazi du amiantoak eragindako zauriak oraindik irekita daudela.
Langile Batzordeak Gipuzkoa Plazako Matadero eraikinaren ingurura lekualdatzea proposatu du. CAFeko sarrera nagusia hortik izango baita lanak burutzean. Izan ere, egungo sarrera nagusia desagertu egingo da Oria ibaiaren ibilgua zabaltzeko lanak amaitutakoan. Porteriako eraikina eraitsi egingo dute, sindikatuen egungo egoitza.
2009
Amiantorenei duela hamabi urte estreinatu zuten. Patxi Epeldek sortu zuen, CAFeko Enpresa Batzordeak eskatuta. Epeldek azaldu zuen “bizitzaren metafora” bat dela: korten altzairuz egindako zirkuluerdi bat da. Erdian pertsona bat erraz sartzen da, bi metro baino gehiagoko eskultura delako. Eskultura pertsona inguratu egiten du, babestu, besarkatu.