Gaua, beldurrak eta hainbat klabe
Betzaida Urtaza legorretarrak bere hirugarren lana, 'Gaua' izenburua duena, argitaratu berri du, Urtazak berak sortu duen Amesgile argitaletxearen zigilupean. Gaur arratsaldean, ipuin kontaketa saioa egingo du Araman.
Lehenik, Amalia eta espaziorako bidaia izan zen. Ondoren, Burrunba txoria ezagutzera eman zuen. Eta orain, Gaua aurkeztera dator. Betzaida Urtaza legorretarraren lanak dira guztiak. Araman izango da gaur arratsaldean, txiki eta ez hain txikientzat antolatutako ipuin kontaketa saioan.
«Gaua, nire azken lan honetan, beldurrak eta horiei nola aurre egin lantzen dut», hasi da kontatzen album ilustratu honi hitzak jarri dizkion Urtazak. «Zentzumen guztiak piztuarazten ditu, eta poesia aukeratu dut oraingo honetan».
Publikoari dagokionez, adin guztietako pertsonentzat dago zuzenduta: «Joseba Lizeagaren prologoari esker, adin guztietako pertsonentzat dago zuzenduta; haurtzaroan, nerabezaroan, helduaroan eta zahartzaroan gaua nola maite duen azaltzen hasten baita».
Ilustrazioek jantzia
Aurreko lanetan bezala, Gaua bisualki oso erakargarriak diren ilustrazioekin dator lagunduta. «Monica Szczerbinska poloniarrarenak dira eta sare sozialen bidez ezagutu nuen. Segituan sortu zen harreman oso polita, ondo ulertzen gara, eta esku artean nuena kontatu nion». Hasi eta bukatu, «hirugarren lan honekin transmititu nahi nuena ederki osatzen du egindako lanarekin».
Orain arte argitaratu dituen lan guztiak, bost hizkuntzatan eskuratu daitezke; euskaraz, gazteleraz, ingelesez, frantsesez eta portugesez. «Ikusi dudanagatik, horrelako materialaren behar handia dago, ia hizkuntza guztietan, beraz, bost hizkuntzetan argitaratu ditut». Urtazak berak bost hizkuntzak menperatzen ditu, eta berak idatzi baditu ere, eskertu nahi izan du, hizkuntzaren zuzenketak egin dizkioten lagun handien lana. «Argitalpenak borobiltzeko funtsezkoa izan da haien laguntza».
Gaua, aurretik argitaratutako beste lanak bezala, Amesgile argitaletxearen zigilupean argitaratu du. Amesgile, Urtaza berak sortu duen argitaletxea da, «ametsei forma emango diena».
Ipuin kontaketa saioak
Hiru lanak eskuan, «oso pozik» dago jendeak eman dion harreragatik. «Eskoletan eta kultur etxeetan ipuin kontaketa saio asko egiten ari naiz, eta oso gustura nago, asko gustatzen zait haurrekin lan egitea; helduekin baino errazago konektatzen dut haiekin».
Goierrin egin ditu saio gehien; Legorretan, Itsasondon, Zerainen eta Lazkaon, besteak beste. Baina hasi da Goierritik kanpo ere, Mutrikun adibidez. Gaurkoan, Aramako parkean izango da 19:00etan, gauari aurre egiteko hainbat gako emateko, ipuinaren bidez. Bertaratzen direnek zapi edo eserlekua eraman dezakete, saioaz lasai gozatzeko.