LGTBI egunaren harira aldarri bateratua atera dute Ataungo eragileek
Sexu askapenaren asteleheneko nazioarteko egunaren harira, Ataungo Berdintasun Batzordeak adierazpena atera du, herriko 13 eragilek eta taldek babestua. Astelehenean 19:30ean elkarretaratzea egingo dute, San Martingo plazan.
Guztion neurriko Ataun agirian, herri txikietan jasan ohi duten jazarpena salatu dute. «LGBT+ pertsona gehienak hirietatik at sortu dira. Herrietan sortu, hazi eta bizi(raun) izan dira, herrietako dinamika itxiek hirietara erbesteratu dituzten arte, sexilioa aukeratu duten arte. Hirietara aniztasunaren, bizigarritasunaren, sarearen, komunitatearen bila jo izan dute. Han jarri dituzte beren gogo eta asmoak, noizbait errotzeko asmoz», dio agiriak.
LGTBI kolektiboko pertsonek herrietatik zergatik «ihes» egiten duten galdetu dute, eta herri txikietan bertan komunitateak sortzea garrantzitsutzat jo dute. «Ataun moduko herri txikietan sumatzen den hutsunea, hain zuzen, hirietan LGBT+ pertsonek orain arte egin duten lanketa guztia da. Sexu- eta genero- aniztasunak urteetan egindako hausnarketak eta praktikak herrietan ere egitea falta zaigu». Horren alde mugitzera deitu du.













