Loinatz abesbatzak kontzertua eskainiko du, urte eta erdi ondoren
Oskarbi taldearekin konpartituko dute oholtza; bihar, 19:30ean, San Martingo basilikan. Itxaronaldia luze egin zaie, baina sekula baino gogotsuago daude

Loinatz abesbatzako kideak oholtza gainera igoko dira bihar. Pandemia hasi zenetik lehen aldia izango da. «Sekulako gogoa daukat», aitortu du Belen Callejo abesbatzako kideak. Oskarbi folk taldea izango dute alboan. «Oso kontzertu polita izango da. Musika koraletik kanpo bestelako estiloak ere landu daitezke. Folk eta euskal abestiak uztartuko ditugu. Olaizolaren Uda estreinatuko dugu, gure Xabier Sarasolaren Hiru euskal doinuak…», laburbildu du.
Callejok folkak bere zailtasuna duela onartu du. Azken asteetan normaltasunez ari dira entseatzen, baina ez da beti horrela izan. «Entsegu telematikoak egin genituen, bakoitzak bere etxetik. Baina ez da berdina. Erreferentziak falta zaizkizu. Baina talde izaerari eusteko balio izan digu». Loinatzekoei geldialdia luzea egin zaie. Kide batzuk geroago batuko dira eta beste batzuk utzi ere egin dute. «Ulertzekoa da», aipatu du Callejok. Sakabanatuta eta maskararekin abestuko dute. «Ahotsari baino gehiago arnasari eragiten dio. Sentsazio arraroa da. Gogorra da».
Kontzertua azaroan ziren egitekoak, Santa Zezilia egunean, baina pandemiaren erruz atzeratu beste erremediorik ez zuten izan. Gainera, Loinatz abesbatza profesionala ez denez, orain arte ez dute aukerarik izan. «Zergatik batzuk bai eta beste batzuk ez?. Geldialdiak kultur aldetik hutsunea eragin du».
Diskoa, bidean
Emanaldia San Martingo basilikan izango da. Sarrerak bertan salduko dituzte, 18:15etatik aurrera, hamar eurotan. Callejok dirua ordaintzeko ezintasuna gainditu behar dela defendatu du. «Balioa ematen dio. Futbola ikusteko ordaintzen dugu, bada?». Gainera, bere ingurua kultura gosez nabari du. Kontzertua 19:30ean hasiko da.
Oskarbi taldearekin harremana disko baten harira sortu zen. «Jon Aizpuru zuzendariak Oskarbikoekin harreman du. Beraiek gonbidatu gintuzten diskoa grabatzera». Uztailaren 10ean grabatuko dute. Udaberrirako prest izatea espero dute. «Oskarbikoek koru batzuekin kontzertu bat eskaintzen dute uztailaren 31n, Oiartzunen. Hori ere bertan behera gelditu da. Ea berreskuratzeko aukera dugun, abesteko sekulako gogoa dudalako».