Ekaineko arte eta artisautza azoka egin dute Zumarragan
Sortzaile eta artistek Zumarragako Euskadi Plazan igaro dute gaurko goiza euren produktuak saltzen
Urtero bezala, aurten ere Arte eta artisautza azoka egin dute Zumarragako festak ospatuko ziratekeen data hauetan. Inguruko herrietako artistak 10:00etatik hasita 15:00ak arte egon dira Euskadi Plazan euren produktuak saltzen. Guztira 15 postu egon dira gaurko egunean, eta datorren astean beste 15 saltzaile hurbilduko direla ere jakinarazi dute.
Gaurkoan, Abo, Araiz, Baztarrika, Cuartcub, Edurnesku, Ehunduz, Eko Dordoka, Enred Ada, Fermin Goenaga, Isla Pitxiak, Kurkubi, Mandinga, Monica Scrap eta Patricia Arango sortzaileek jarri dituzte postuak. Hauetako batzuk dagoeneko beteranoak diren arren, azokan hasiberriak diren zenbait saltzaile ere animatu dira gaurko egunean, Iratxe Irigoien gabiriarra esaterako. Ehunduz markaren sortzaileak azaldu duenez, hasieran erritmoa hartzea kosta zaien arren, orduak aurrera joan ahala salmentak ere gora egin dute: «Abenduan egon ginen lehenengo aldiz azoka honetan. Gabonak zirela eta, egia da produktu gehiago saldu genituela, baina gaurkoan ere ongi joan dira salmentak».
Scrapbooking egiten duen Monica Scrap markaren sortzailea ere oso pozik geratu da gaurko emaitzarekin: «Normalean gaurko egunean jendeak ez ditu erosketa asko egiten. Data hauetan festak ospatzen dira Zumarragan, eta herritarrak azokara hurbildu ohi diren arren, batez ere publizitatea egiteko erabiltzen nuen egun hau. Aurten, ordea, festak ez direnez ospatu, jende asko gerturatu da eta salmentak gora egin dute».