Hirugarren egin du Azurmendik Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketan
Iñaki Azurmendi eta Mikel Larrañagak hirugarren postua lortu dute Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketaren lehen edizioan
Gaurkoa hitzordu garrantzitsua izan da herri kirol zaleentzat. Aiako probalekuan, Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketaren lehen edizioa jokatu dute sei aizkolarik. Txikia IV.a-Mujika, Otaño-Mugertza eta Larrañaga-Azurmendi izan dira lehian aritu diren hiru bikoteak, azken hau arriarandarra. Guztira 12 ebakitze izan dira: sei kana erdiko eta sei hirurogei ontzako enbor moztu beharra izan dituzte aizkolariek.
Sailkapenari dagokionez, lehen postua Txikia eta Mujikak eraman dute gaurkoan, eta haren atzetik geratu dira Otaño eta Mugertza bigarren postuan, eta Azurmendi eta Larrañaga hirugarrenean. Iñaki Azurmendik azaldu duenaren arabera, «oso parekatuta» ibili dira hiru bikoteak: “Edonork irabaz zezakeen, izan ere, hiru bikoteak sartu gara minutu erdi barruan».
Baldintzak hoberenak izan ez diren arren, arriarangoa gustura geratu da gaur egindako lanarekin: «Martxoaren 25ean disko-hernian izandako lesio batetik operatu ninduten, eta entrenatzeko astirik gabe ibili naiz, banaka nahiz binaka, Larrañagarekin batera». Arriarangoak bikotekidea ere ongi ikusi du gaurko frogan, izan ere, aurreko asteburuan jokatu zuen pentatloiko finala Larrañagak, eta «zama hori eta bazekarren gaurkoan».
Azken hilabeteetan, kirol proba gehienetan ez da publikorik izan osasun krisiak hala behartuta, baina gaurkoan, ordea, herri kirol zaleek bertan egoteko aukera izan dute. Probalekuan 300 lagun ingururentzako tokia zegoen arren, egungo egoera dela eta ez da horrenbeste jende hurbildu, baina Azurmendik garbi dauka «hurrengorako jende gehiago animatuko dela».