LGTBI+ kolektiboaren eskubideetan sakondu behar dela aldarrikatu dute
LGTBI+ pertsonen eskubideen nazioarteko egunean, elkarretaratzeak eta adierazpen instituzionalak izan dira, sexu-askapenaren alde gizarte osoak egin behar duela aldarrikatzeko. Idiazabalen pintada matxitak egin dituzte.
LGTBI+ kolektiboaren aldeko eskubideen nazioarteko egunaren izan zen atzo. Goierriko udalek eta eragileek aurrera pausoak ematen jarraitu behar dela aldarrikatu zuten. «Oraindik ere beharrezkoa da LGTBI+ kolektiboaren eskubideen aldeko borroka ikustarazten jarraitzea», azpimarratu zuten. «Oso garrantzitsua da kolektiboaren egungo errealitatea ezagutzea, hiriko zurrumurru eta legendak harago, egiaztatutako eta kualifikatutako datuekin». Tratu Berdintasunaren eta Bereizkeriarik Ezerako Lege Integrala onartzeko prozesuan aurrera egiteko ere eskatu zuten. «Beharrezkoa da LGTBI+ pertsonen eta bizitzak eta eskubidea babesten dituzten lege-esparruak egotea».
Diskriminazio egoerak eta erasoak «behin eta berriz» gertatzen direla salatu zuten. Kasu, LGTBI+ ez eta gora matxismoa zioten pintada bana egin zituzten igandetik astelehenerako gauean, Idiazabalen. Udalak gertatutakoa gaitzetsi zuen. «Berdintasunaren eta aniztasunaren aurkako jarrera hauek ez dute lekurik gure herrian». Izal Baik eta Aizan talde feministak ere ekintza arbuiatu dute. Basaurin (Bizkaia) duela aste batzuk jazotako eraso homofoboa ere gogoan izan zuten.
«Sexu eta genero aniztasunaren aurkako sektore eta alderdi politiko jakin batzuen diskurtsoa» jo zuten erantzule. «Ondorio zuzenak ditu: alde batetik, trans kolektiboaren eskubideak onartzearen aurkako oposizio zuzena; eta, bestetik, erasoen gorakada». «Erne» ibiltzeko eskatu zuten.
Eskertza
«Sexu-askapenaren aldeko borrokaren alde bizitza eta ahaleginak eman dituzten pertsona guztiei» eskerrak eman zizkieten eskualdeko udalek. Era berean, gizarte osoari dagokion ardura dela azpimarratu zuten. «Gizarte osoaren lana da sexu-askapenaren alde borrokatzen jarraitzea eta pertsona guztiak askatasunean bizi eta adierazi ahal izatea bermatzea».
Ekintzak ez dira amaitu. Ordizian, esaterako bertso-saio «bolleroa» egingo dute etzi, 19:00etan, frontoi txikian. Noiz bukatzen da armairua liburuaren aurkezpena egingo dute etzidamu, 18:30ean, Udaletxeko areto nagusian.
«Bikaina» izan da Transzikloa
Transzikloa herenegun amaitu zen, bertso-saioarekin. Igartza bete egin zen. Ekintza guztietan bete da edukiera eta antolakuntza oso gustura agertu da. «Parte hartzea anitza izan da: gazte eta heldu, ikasle asko, gurasoak… Sekulakoa».