Goilurrak Rallyak motor lehia itzuliko du asteburuan Goierrira, urte bat geroago
Hiru ibilbidetan sei erlojupeko egin beharko dituzte izena eman duten 56 taldeek. Larunbat goizean Azkoitian ariko dira, eta arratsaldean Goierrin, Gabiria-Zegama bidean. Bukaera, Lazkaon
Goilurrak rallyaren hirugarren ekitaldia larunbatean jokatuko da. Lazkaoko Ikullu Racing eta Azkoitiko Errebueltie eskuderiek sei erlojupekoko auto lasterketa antolatu dute, hiru bide zatitan jokatuko direnak. Denera, erlojuaren aurka 93,62 kilometro dira, lotuneak ere kontuan hartuta 244,34 kilometro. Egiaztapen teknikoak eta administratiboak ostiralean Azkoitian egingo dituzte, 17:30etik aurrera Ugarte industrigunean eta Oteiza frontoian. Protokolozko irteera eta aurkezpena ere Azkoitiko Plaza Berrian da, etzi gauean.
Autoen ikuskizuna, berriz, larunbatean iritsiko da errepideetara. 56 talde daude izena emanda, eta zerrenda gaur argitaratuko dute. Goizeko bi sektoreak iazko berdinak dira: Endoia eta Azkarate. TC1 eta TC3 erlojupekoak Endoian barrena jokatuko dituzte, Zestoatik Madariagara (14,61 km aldiko). TC2 eta TC4, aldiz, Azkarate gainetik abiatu, eta baserri-bide batzuetan barrena Elgoibarreraino (12,75 km).
Goierrira arratsaldeko bi erlojupekoak jokatzeko etorriko da Goilurrak Rallya. Gasogas deitu duten ibilbide luzea estreinatuko dute aurten, TC5 eta TC6 zatiak lehiatzeko. 19,45 kilometro luzeko bidea da, eta bi pasaera horiek eskakizun maila handia izango dute, probaren amaieran.
Gabiriatik Zegamara
Ibilbide hori Gabirian hasiko dute, Korta jatetxea baino goragotik, bihurgune bikoitzaren inguruan, Gabiriako Rallyesprintaren zirkuituan, beraz. Troiko meategietatik Aztiriko errepideraino igoko dira, Mutiloako Ergoena aldera. Zerainera jaitsi, eta Otatzan Barbariko auzo-bidea hartuko dute, Zegamako beheko bidegurutzean bukatzeko.
Errepide horiek larunbatean 14:00etatik 20:00etara itxita egongo dira. Lehen pasaera 15:30ean hasiko da, eta bigarrena 18:10ean. Tartean, Zegaman izango dute elkartze puntua (16:05), eta urrutiko asistentzia-leku aurreratua Idiazabal-Segura bideko Guardi industrialdean jarriko dute.
Bi erlojupekoak hasi aurretik, pasabideko kontrola Zumarragako Euskadi plazan izango dute partaideek, 15:00etan eta 17:40an. Rallyak bukaera, ohi duen eran, Lazkaoko Euskadi plazan izango du, eta bertan egongo da bukaerako parke itxia eta han banatuko dituzte sariak, 20:30ean.
Euskal Herriko denboraldiko hirugarren rallya izango da, Lea Artibai eta Fiteroren ondoren.
Gabiriako Rallyesprinta, abuztuaren 8an
Pandemiaren osasun egoerak aurten ere automobilismoko denboraldia birmoldatu beharra eragin du, baina Goierriko proba beteranoenak, Gabiria-Legazpiko Rallyesprintak ez du urterik galduko. Abuztuaren 8an antolatuko du Lagun Artea eskuderiak, igandearekin. Orain arte, egutegiko lehen proba izan bada, aurten ere hala izango da rallyesprinten modalitatean. Eskualdeko beste rallyesprinta, Goierri, abenduaren 11rako kokatu dute egutegian.












