Bat, bi, hiru, reggae
Bi eguneko jaialdia izango da Legoreggae aurten. Mo'Kalamity eta The Wizards, Emeterians Live Dub, Skabidean, Revolutionary Brothers eta Trikoma taldeek joko dute.
Iazko etenaren ondoren, aurtengoan bai, reggae doinuek Legorreta hartuko dute, bi eguneko jaialdian. Bihar, ostirala, eta etzi, larunbata, izango da, Harripilla kiroldegian. Reggae eszenako talde onentsuenak ekartzeko lan handia egiten du antolakuntzak; aurtengoan, maila gorenera eraman dute. Ostiralean, Emeterians Live Dub, Skabidean, eta Revolutionary Brothers. Larunbatean, berriz, Mo’Kalamity eta The Wizards, Trikoma banda, eta bezperan bezala, Revolutionary Brothersek itxiko du.
Galdu ezin daitekeen proposamena dakar Legoreggaeren edizio berriak. Euskal Herriko re-ggae banda onenez gain, estatu mailakoak, eta nazioarte mailakoak ere bilduko ditu. Reggae klasiko eta garbiena, eta baita beste estiloekin bustia ere.
Ostiralean eta larunbatean
Mo’Kalamity, edo Monica Tavares, roots reggae abeslari franko-caboverdiarra da, nahiz eta nagusiki ingelesez abesten duen. 2004an bere banda sortu zuenetik, ibilaldi oparoa izan du, reggaeren eszenan izen handienetako bat bilatu delarik. Reggaeren 1960 eta 1970 hamarkadetako artisten eraginpean, bere abestien izaera «militantea» aitortu zuen eta reggae musikak behartsuenei ahotsa ematen diela iritzi du. Legorretan, The Wizards bandak lagunduko du.
Emeterians, espainiar estatuan eskarmentu handienetakoa duen hirukotea da; Brother Wildmanek, Sister Maryjanek eta Maga Lionek osatzen dute. Ia 20 urtez reggearen esentzia zabaltzen ibili dira, roots, dub eta new roots reggae estiloez bustiko dute Legorreta.
Jaialdia borobiltzeko, Skabidean, 2012an Iruñerrian sorturiko ska, reggae eta rocksteady taldea. Egun 11 musikarik osatzen dute eta dagoeneko 200 kontzertu baino gehiago eman ditu.
Trikoma banda, 2009. urtean sortua, Arabako ska-reggae talde gazte bat da, eta gaztetasun horrek ematen duten freskotasuna ekarriko dute.
Jaialdia ixteko, Revolutionary Brothers, erreferente dena re-ggae eszena nazionalean. Estatuko Sound Systems aktiboenetako bat da. Zuzeneko indartsua du, hip hop, dancehall, dubstep eta jungle zertzeladekin.
Ostiralean, 18:30ean irekiko dituzte kiroldegiko ateak, jendea pixkana-pixkana sar dadin. Kontzertuak, 19:00etan hasiko dira. Aurten, COVID-19 testuinguruan egingo denez, egoerak eskatzen dituen baldintzak beteko dira uneoro; bai sartzeko, bai kontzertuak iraun bitartean, bai irteteko ere. Antolakuntzatik azaldu dute, aurrekoen aldean, «desberdina» izango dela. Jendea mahaietan eserita egongo da, eta bertatik, gozatu ahalko dute jaialdiaz.
Taberna zerbitzua
Musika onenaz gozatu bitartean, taberna zerbitzua ere eskainiko dute. Aurtengoan, zerbitzu hau ere berrikuntzekin dator; teknologia berriak erabiliko dituzte, mahai guztietan QR kode bat egongo da jarrita, eta bertatik egingo dira eskaerak. Jatekoa, Basque Truck-en eskutik; bertako produktu ekologikoekin lan egiten du. Edateko, aukera ugari; Basabe garagardo artisau etxeak egindako Legoreggae garagardoa, besteak beste.
Taberna zerbitzua eskaera berriei egokitzeko, «Ordiziarrock Ekintzak Taldearen laguntza ezinbestekoa» izan da. Izandako laguntzagatik, «eskerrak» eman dizkie Legoreggaeren antolakuntzak.
Webgune berrian sarrerak
Aipatu bezala, teknologia berriak baliatuko dituzte aurtengo Legoreggaen, eta esan, webgune berria ere estreinatu dutela: www.legoreggae.eus. Bertan, jaialdiaren inguruko informazio guztia dago eskura.
Gainera, sarrerak bertan sartuta eros daitezke. Antolakuntzak jakinarazi duenez, lauko mahaiak geratzen dira libre; pertsona bakoitzeko, 12 euro balio du sarrerak (mahaia 48 euro).