Ekainean eguraldia ez da portatu
Horrela segituz gero, aire libreko landare asko arriskuan dira. Hotz eta euritsu ditugu egunak gauden garairako.
Aukeran eta gauden garairako goiz freskoa atzo ere, 14 graduren bueltan. Hori nozitzen ari dira hainbat barazki, «piperrak eta tomateak ez dira aurreratzen». Kezka nagusi, batez ere, negutegirik gabe, aire libreko baratzea dutenentzat. Frutek bere bidea segitzen dute.
Atzo azpimarratzekoak, lehen aran horia eta sanjuan sagarren ugaritzea. Ataungo Zurutuza ahizpen postuan hiruak aukeran aran horia, gorria eta sagarra denak 1,5 euroan kiloa prezio berean. Sagar asko ikusi dugu eta neurriaren arabera 1,5-3,5 euroan kiloa. Sasoiko lehen sagarra izanik harrera polita du.
Barazkietan hemengo leka zabala ere hasi da Aramako Patxi Arizmendik ekarri zituen gutxi batzuk. Joan zen astean aipatutakoak Caparrosokoak ziren, hango eta hemengo eguraldiaren aldea eskaintzan islatzen da. Atzo postu berean paraguaioak (4 euroan kiloa) El puente viejo-ko ekoizle-saltzaileek.
Behiekok 2. urteurrena
Olaberriko Etxeberri Goikoa baserriko behien esnearekin egindako produktuak saltzen dituzte astero Ordizian. Haizea Arrutik hartu dio Judith Gartziari saltze lanetan lekukoa. «Beharrezkoak eta inportantzi handikoa da azoketako presentzia, gardentasun handiz hitz egin daitekeelako egiten duzun produktuaz. 3 gazta motakin hasi ginen, laster urdina aurkeztu genuen eta dibertsifikatzen joan gara poliki-poliki. Gaurko egoeran gainera tokirik seguroenetarikoa da azoka, elikagai sanoak eskuratzeko eta ea ba urte askoz jarraitzen dugun hain tradizio handiko eta aberatseko Ordiziako azoka honetan», azpimarratu zuen Judith Gartziak.
Gazta kontuekin jarraituz Itxiar Etxeberriaren postuan mendian egindako ardi gazta salgai izan zen. Urbasan Karlos Aramendik egina, 19-19,5 euroan kiloa.
Askoren nahia eta ilusioa, «irrifarrak ikusiko genituelakoan…», zapuztua gelditu zen. Arauak, beste behin ere hain argiak ez izan arren, «evento multitudinario» omen azoka hau udaltzainen hitzetan, eta nonbait horrek maskara derrigortzen du. Aldiz, ondo bidean asteroko saltzaileek eta feria lagunek jende gehixeago opa diogu azokari eta giro atsegina nagusitu dadila traba guztien gainetik.