Guardia Zibilak Carlos Saez de Egilaz bost orduz atxikita izan du
Auzitegi Nazionalaren aginduz atxilotu dute, Beasainen; galdeketa egin ostean askatu dute. Terrorismoa «goratzea» eta «biktimen umilatzea» egozten dizkiote. Saez de Egilazek bere esperientzia kontatu du.
Guardia Zibilak Carlos Kai Saez de Egilaz euskal preso ohia atxilotu zuen atzo, 08:30 aldera, Beasainen. Intxaurrondoko (Donostia) kuartelera eraman zuten eta bost orduren buruan askatu zuten, 13:30ak aldera. Presoen harrera ekitaldiak antolatzeagatik «terrorismoaren goratze» eta «biktimen umiliazio» delituak egozten dizkiote.
Saez de Egilaz ongi etorrien antolatzaileetako bat da, Guardia Zibilaren arabera. Halere, ustez, hainbat erakunde eta hirugarren pertsona erabiltzen zituzten ekitaldien benetako antolatzaileak nor ziren ezkutatzeko. Baina atxilotuen «ildoari» jarraituz, betiere.
Atxiloketak Espainiako Auzitegi Nazionalaren 6. instrukzio epaitegiak agindu zituen eta 2020ko urtarrilean Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendiaren atxiloketak ekarri zituen operazioaren parte dira. Haiei ere terrorismoaren goratzea eta biktimen umiliazioa egotzi zizkieten presoen harrera ekitaldian antolatzeagatik. Atxilotu eta ordu gutxira aske geratu ziren haiek ere. Felipe San Epifanio ere atxilotu zuten atzo Bilbon, eta bera ere aske utzi zuten arratsalderako.
Erreakzioak
Hainbat herritar Zubimuzu plazan elkartu ziren atzo arratsaldean jazotakoa gaitzesteko, Bakea, demokrazia eta askatasuna! lemapean. Saez de Egilaz bera eta herriko hainbat eragile bertan zeuden.
Beasaingo EH Bilduk estatu Espainiarraren jarrera salatu zuen: «Gure herria bakea eraikitzen beharko lukeen honetan, Estatu espainolak erremedio zaharra jartzen du mahai gainean, berriz ere: aski ezaguna dugun errepresioa». EH Bilduko Julen Arzuaga legebiltzarkideak gaineratu zuen «estatu sakoneko estrukturek» ez dutela onartzen «herri honetan bakea bizikidetza eta konponbiderako agertoki bat sendotzea», eta horregatik «preso politikoen eskubideen alde lan egiten ari diren pertsonak atxilotu eta kriminalizatu» egiten dituztela. «Askatasunean eta berdintasunean oinarritutako preso politikorik gabeko etorkizuna eraikitzen jarraitzea oztopatu» nahi dutela ohartarazi zuen.
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak agerraldia egin zuen. Bere esanetan denboran propio egindako atxiloketak dira, Kataluniako lider independentisten indultuei eta Euskal Herrian azken hilabeteetan presoen auzian emandako aurrera pausuei erantzuteko. «Espainiar Estatuko estolderiak askapen prozesua baldintzatzeko ahaleginean» dabiltzala ohartarazi zuen. «Baina ez gaituzte gelditu». Saez de Egilaz Sortuko kidea da egun, Euskal Presoen Batzordean, zehazki.
Sareren arabera atxiloketak «lekuz kanpo» zeuden. Presoei harrera egitea ez dela delitua gogorarazi zuten, gainera.