Legazpiko Gobernu Taldeak bertan behera utzi du Lekanazpi elkartearekin gaur zuen bilera
Udal Gobernu Taldeak ohar bat kaleratu du bilera ez egiteko arrazoiak azalduz.
Legazpiko Lekanazpik uztailaren 14an herriko bost musika talderekin egin nahi zuen kontzerturako baimenaren inguruan hitz egiteko gaur elkarteak eta udal ordezkariek bilera bat egitekoak ziren, baina gobernu taldeak bertan behera utzi du. Arrazoiak azalduz, honako ohar hau kaleratu du:
Gobernu Taldeak bertan behera utzi du Lekanazpi elkartearekin zuen bilera
Joan den maiatzaren 28an Lekanazpi elkarteak baimena eskatu zuen uztailaren 14an plazan kontzertu bat egiteko.
Jasotako eskaera guztiekin egiten den bezala, eskaera aztertu zen eta bide publikoak eta horien espazioak Udalak antolatutako ekitaldietarako gordetzen direla erantzun zen. Hala ere, Udalak Azokan antolatzeko aukera eskaini zien, inolako arazorik gabe.Elkarte horrek, kontzertua antolatzeko espazio publiko bat erabiltzeko eskatzeaz gain, honakoak eskatu zizkion Udalari: oholtza jartzea, 32 anperioko potentzia elektrikoa, 10 hesi, 2 mahai, karpa 1, 4 erratz eta 4 pala.
Eskaera hori telematikoki erregistratu zen, eta antolatzaileak ez dira inoiz Gobernu Taldera hurbildu. Prentsara albiste bat bidali zuten, alkatearekin bilera bat eskatu zutela esanez, bilera hori oraindik eskatu ez zutenean. Hala ere, Gobernu Taldeak bilera hori egiteko prest agertu zen eta ostegun honetarako jarri zen hitzordua.
Harrituta ikusi dugu bilera horren bezperan sorna handiko bideo bat argitaratu dutela, argi eta garbi presio politikoa egiteko asmoarekin. Honaino iritsi gara!
Lekanazpi elkartearen jarduera honek asmo politiko nabarmena du eta alkatearen desgaste politiko eta pertsonala besterik ez du bilatzen. Horren aurrean, Gobernu Taldeak Legazpiko herritarrei jakinarazi die ez duela horrelako presio politikorik onartuko, eta, ondorioz, bertan behera utzi du Lekanazpirekin gaur egiteko zen bilera.
Gobernu Taldearen ustez, Lekanazpiren jarrera hori elkarteak berak bere estatutuetan jasotzen duenaren aurka doa: “Erabat debekatuta geratzen da moral osasuntsu batekin harmonian ez dagoen eta gizalegearen, begirunearen eta ohitura onen arauen aurka doan guztia”.
Lekanazpiri esan nahi diogu hori ez dela bidea. Gobernu Taldeak elkarlanerako jarrera erakutsi du beti herriko erakundeekin, eta berdin jarraituko dugu. Baina horrela ez!