Zumarragako EH Bilduk legealdi erdiko balorazioa egin du
Hurrengo hilabeteetako lehentasunak publikotasunaren defentsa, auzoekin topaketak berreskuratzea eta etorkizuneko proiektuen lanketa izango direla aurreratu dute
Zumarragako EH Bilduk legealdiaren lehen bi urteen balorazioa egin du. Horra hor koalizioaren balorazioa:
“Bizilagunengandik gertu egotea eta entzute aktiboa eta eraginkorra praktikatzea izan da lehenetsi duguna. Horregatik antolatu genituen Auzoekin Topaketak Zumarragako auzo guztietara zabalduz (100 bizilagunetik gora parte hartu zuten) eta pandemiaren ondorioz eten egin behar izan genuen arren, galdetegi bat zabaldu genuen etxe guztietan buzoneatu genuen aldizkariarekin batera. Pandemiaren garaian eragile eta sektore kaltetuenekin etengabe egoten saiatu gara. Bereziki nabarmendu nahi dugu ostalariekin, ikastetxeekin eta kirol-taldeekin egin den lan berezia.
Udal-mailan oposizio kritikoa eta zorrotza egin dugu, baina aldi berean eraikitzailea eta eskuzabala. Gure kritika guztiak proposamenekin joan dira. Gure ardura udal gobernuari jarraipen estua egitea den heinean, kritikoak izan gara; baina alternatiba zehatzak eta egingarriak aurkeztu ditugu beti. Pandemiaren une zailenetan arduraz eta konpromisoz jokatu dugu, udal gobernuari laguntza eskainiz.
Egin ditugun lanketekin besteak beste hainbat gai garrantzitsu azaleratu ditugu: arkitektoaren kontratuarekin eta enplegu teknikariarekin izandako irregulartasunak, udalaren egoera ekonomiko finantziero txarra utzi dugu agerian, plan estrategikorik eza, uraren kudeaketarekin herritarrei egin zaizkien gehiegikeriak, hizkuntza eskubideen urraketak edo garbiketaren alorrean izan diren murrizketak eta kontratuaren ez betetzeak.
Gure lehentasuna osasuna, kultura eta hezkuntza izango zirela aipatu genuen, komunitatea eraikitzea eta gure publikotasunaren defentsa egitea. Honenbestez, lan handia egin dugu EAGa irekitzeko proposamenak eginez (Legebiltzarrean ez legezko proposamena ere sartu genuen irekitzea eskatuz) eta 24/7 plataforma babestuz; hezkuntza mahaia ere eratzea eskatu genuen eta Onura Publikoa ekimenean parte hartzen ari gara orain. Kulturgintzan dauden mugimendu berriak (Kultur Aterkia, adibidez) ere itxaropen eta ilusio handiz jaso ditugu.
Hiru alorretan zentratuko da bereziki gure jarduna datozen hilabeteotan. Alde batetik, gure ongizatean eta osasunean eragin zuzena duten ondare publikoen defentsan. Alde batetik, uraren kudeaketa publikoa lortzea, herritarrek ezin dutelako Gipuzkoan baino %40 gehiago ordaindu multinazional bat gizentzeko. Gurea den urarekin ezin dugulako negozioa egiten utzi eta lehentasuna du ura bezalako ondare naturalaren kudeaketa publikoak, gertukoak eta tarifikazio justuak. Eta bestetik, PAC murrizketarik gabe irekitzeko lanean jarraituko dugu etenik gabe. Gure herritarren osasunarentzat azpiegitura publiko hobeak behar ditugu, ez murrizketak.
Gaixotasun kronikoak ez dira atenditu behar bezala, telefonoz egiten baitira kontsultak. Osakidetzak dio ez direla murrizketarik egin eta denok dakigu hori ez dela horrela. Orain , udarako, murrizketa gehiago egin dira eta larrialdiak ez egoteaz gain, eguneroko ordutegian 2-3 orduz murriztu dira anbulategietan.
Bigarrenik, herritarrak entzuten eta gertu egoten jarraitu nahi dugu. Herritarrak entzuten jarraitzea oso garrantzitsua da guretzat, komunitatea egitea. Batetik, auzoekin eta herritarrekin topaketak egiten jarraituko dugu, auzo eta herritar guztiekiko gertutasuna zaintzen eta lantzen; eta bestetik, Zumarragaren etorkizuna diseinatzeko eta ditugun erronka handiei erantzuteko (zaintza, egitura sozioekonomikoa, irisgarritausna) jardunaldiak antolatu nahi ditugu.
Azkenik, Zumarragak behar dituen etorkizuneko azpiegitura sozial eta proiektu traktoreen inguruan lanketa egingo dugu:
-Arcelor eremua eta eraldaketa sozio-ekonomikoa: Erronka estrategiko handiak ditugu eta horietako bat eraldaketa industrial eta ekonomikoarekin lotua dago. Arcelor eremua biziberritu, inguruko auzoak birgaitu eta ehun ekonomiko berri bat martxan jartzeko aukera dugu Europako funtsekin.
-Mugikortasuna eta irisgarritasuna: Mugikortasunean eta aparkalekuen antolaketarekin dagoen kezkari erantzuten saiatuko gara berariazko lanketa eginez bizilagun eta herritarrekin..
-Biziberritze soziala eta komunitarioa: Mertzedarien eta inguruko eremuan interbentzio estrategiko eder bat egin daitekeelakoan sinistuta gaude. Berau baita apartamentu tutelatuak, etxebizitza komunitarioak eta biziberritze soziokulturala bultzatzeko eremu garrantzitsuena. Ahaztu gabe, noski, kiroldegiak dituen beharrak eta kirol azpiegituretan dauden gabeziak erantzuteko lana ere egingo dugu. Herri hezitzailearen filosofia ere martxan jartzeko lanean jarraituko dugu.
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu gure komunitateari. Batzarretara, bileretara eta proiektu jakinetan lanean jardun eta lagundu diguten guztiei. Batzuek ematen dugu aurpegia, baina atzean jende asko dabil lanean, geroz eta jende gehiago gerturatzen ari da eta hazten ari gara. Ilusioz, arduraz eta gozamenez eraiki nahi dugu Zumarraga, eta horretan jardungo dugu”.