Urtsuarango galtzada babesteko eskatu dute, azken kalteen aurrean
Egur zaleen eta argindar lineako garbitze lanek antzinako harbidean eragin dituzten «txikizioak» saihesteko, ondare gisa katalogatzeko eskatu dute. Utzikeria salatu dute
Azken boladan, Idiazabalgo Urtsuarango galtzada zaharrean eta inguruan egin diren zenbait jarduerak alarma deia ematera behartu ditu zenbait bizilagun. Ondare garrantzitsua dela, eta batere begiramenik gabe harbide zaharra hondatzen ari direla salatu dute. Herri-bide modura, Idiazabalgo herriarena da bidea.
Kaltea eragin duen azken lan bat pinudia ateratzea izan da, duela bi aste. «Olaberrietako zatitik Santa Barbara ermitako bidegurutzeraino, egur zale bartzuk hasi ziren kamioiarekin eta makinekin hemendik pasatzen. Galtzada zati honetako ertzetako losak mugitzeaz aparte, erdikoak aterata utzi zituzten, pisuagatik. Komeria askoren ondoren, lortu genuen geratzea», kontatu du Aitor Aseginolatzak.
Basogintzaz gain, Iberdrolaren linea azpiak matarrasean garbitzen hasi ziren gero. «Penditzetik behera arrastaka kablearekin, egurrak galtzadaraino eramanez, ateratzen hasi ziren. Bistan zeudenak eta ez zeudenak, harri guztiak ateraz. Jesusen harri hotsak». Inor ez zela geraraztera azaldu deitoratu du.
«Bazterretan, gainera, pilatutako pinu arbolak eta adarrak, bertan soiltzen zituztenak, ubideak tapatuz jarri zituzten. Aurreko asteko eurialdietan, izugarrizko urak sortu ziren han, eta kaltea okertu du. Galtzada momentu honetan egoera txarrean dago, harriak bistan dituela. Berriz euri jasak egiten baditu, ateratzen joango dira. Solte dago».
Duela bi urte, telefoniako zuntz optikoaren hodiak galtzadaren erdi-erditik pasatu zituztela, eta 2017an udalak harbidearen gainean balastoa bota zuela erantsi du.
Aipamenak 1208koak
Aseginolatza aritu da azken urteetan galtzada garbitu, ondare-osagaiak aurkitu eta kontserbazio deia gizarteratzen. Azken gertakariek pazientzia agorrarazi diete hainbat bizilaguni, eta neurriak hartzeko deia egin dute. «Ea lortzen dugun berriro horrelakorik ez gertatzea, galtzadari behar duen balioa ematea, eta ea babes berezi ematen zaion ondare gisa. Idiazabalgo Udalari eskatzen diogu inbentario bat eta katalogazio bat egiteko, ondare garrantzitsua delako». Bestela, udalak lan hori Diputazioari eska diezaiola nahi dute.
Metalezko eta zeramikazko pieza zaharrak aurkitu ditu, baita gurdi-gurpilen markak ere. Ondare horrek espolioa jasateko arriskua duela ohartarazi du.
Urtsuarango galtzadak bi adar ditu. Bat, Segurako kaskotik datorrena, Santa Barbaran zehar; bestea, Idiazabaldik. Bide erosoa da, ondo landua, lurrean harlauza eta alboetan harlanduak dituena; hormak eta eustormak nonahi. Malda suabean gainditzen du bailara, Goierri eta Nafarroa lotzeko antzinako arteria. Etzegarateko Errebueltatxikira arte harbidea ia osorik dago.
Agirietan, Nafarroako errege-bide edo bidezahar gisa ageri da. 1208koa da galtzadaren lehen aipamen idatzia. Nafarroako Antso VII.a erregeak foru arau batean agindu zuen leztarik edo zergarik ez zutela ordaindu beharrik han. Aitzagarate eta Urtsuaran Burundako ibarreko lekutzat aipatzen ditu.
«Hemen interes falta, utzikeria eta sentsibilitate falta handia ikusten dugu guk», salatu du Aseginolatzak. «Goazen galtzadari bere baldintza egokiak jartzera eta balioa ematera. Balioan jartzea, galtzada hau oinezkoen bide bezala jartzea da».
Udalaren iritzia
Udalari iritzia galdetuta, bideari «pista erabilera» eman izan zaiola argitu du Iñaki Alberdi alkateak. «Pista bakarra da horko basoak ateratzeko. Hori erabiltzeari uzteko, beste irtenbide bat eduki beharra dago, eta momentu honetan ez dago, basoak ateratzeko eta. Oso erabilia da».
Udalak Diputazioko teknikariak ekarri dituela, eta galtzadaren balioaz «aurrerapide handirik» ez dutela eman gaineratu du. Gaia aztertzeko prest agertu da, ordea: «Udala da lehen interesatuak ondarea gordetzeko, baina oreka bilatu beharra dago. Pausoak emateko prest gaude, baina ezin da egun batetik bestera egin. Kolpean ezin da moztu orain», dio alkateak.