Bizi kalitatea hobetzeko proiektuei bisita
Landa garapen arloko 71 proiektu finantzatuko ditu Eusko Jaurlaritzak Goierrin, 4,7 milioi euroko inbertsioa eginda. Goimen elkartearen laguntzarekin ari dira garatzen.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak, Bittor Orozek, Jone Fernandez Landa eta Itsasertz Garapenerako zuzendariak eta Goimen Landa Garapeneko ordezkariek, Goierriko bizi kalitatea hobetzeko asmoz abiatutako hainbat proiektu bisitatu dituzte bailarako alkateekin batera, Txikitasunetik Handi ekimenaren barruan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 4,7 milioi inbertituko ditu, eskualdeko landa garapeneko 71 proiektu bultatzeko.
Ezkio-Itsasoko herri eskolan izan dira aurrena, bertatik Mutiloako plazako etxebizitzak eta herriko proiektuak ezagutzera abiatu dira, eta ondoren Zeraingo Txirbil aroztegira. Bisita Zegaman amaitu dute, Donejakue bideko erromes aterpetxean. Izan ere, horiek dira Goierrin bultatuko dituzten proiektuetako batzuk.
Laguntza horiekin, landa eremuko udalerrien “sustapena, garapena eta dibertsifikazio ekonomikoa” erraztu nahi dute, baita alor horretako “enpresak sortu, handitu eta modernizatzea” ere. Azpiegitura eta oinarrizko zerbitzuak eraikitzea eta konpontzea; turismoa sustatzea; edota etxebizitzen eskuragarritasuna eta bizi kalitatea areagotzea dira beste helburuetako batzuk.
Bisitatutako proiektuen inguruan Eusko Jaurlaritzak emandako informazioa:
Ezkio-Itsaso Eskola Txikia
Proiektua Leader programaren ondoz ondoko hiru fasetan finantzatu da (2014-2016). Udala Eskola Txiki bihurtu da, auzoetako haurrek elkar ezagutzeko eta elkartzeko. Lehen fasean, Udala eskola gisa egokitu zen (Eskola Txikien dinamikaren barruan funtzionatzen dute, adin desberdinetako ikasleekin gela berean, etab.).
Bigarrenean, eskolako ikasleentzako sukaldea eta herri osoari zerbitzua eskaintzen dion denda-taberna egin ziren. Eta hirugarren fasean, haurrentzako parkea eta kirol pista sortu dira. Beraz, proiektua nahiko integrala da eta adin tarte desberdinei ematen die zerbitzua.
Xirbil Axalko kooperatiba
Gazte ekintzaileen ekimena da, eta landa eremuan iraunkortasun ikuspegia duen jarduera ekonomikoa. Koadroa egurrezkoa duten bizikleten proiektu berritzailea, tokiko produktua eta egungo koadroetako altzairua edo aluminioa baino jasangarriagoa dena erabiltzen baitute Pelleta (biomasa) egiten ere aitzindariak izan ziren. Ekodiseinuak, berrikuntzak eta teknologiak bat egiten dute enpresa honetan, non diziplina askoko profesionalak arotzeria tradizionalaren jarduera bizikletaren mundura birbideratzeko asmoz elkartu baitira.
Erromesen aterpetxea (Zegama)
Hirugarren sektoreko erabilerarako eraikin publikoa, Udalak sustatua, Donejakue bideko erromesen aterpetxe gisa erabiltzeko. Iraunkortasunaren, eraikuntza osasungarrien eta KM0ko eraikuntza materialen alderdiak batu nahi ditu, Passivhaus estandarrak ematen duen eraginkortasun energetiko izugarriarekin. Eraikina beheko solairuan dago, ganbara txiki bat dauka eta fatxada nagusiak hegoaldera eta mendebaldera begira, eta inguratzaile bat ipar-mendebaldeko haizeetara itxita. Eraikinak gehienez 12 erromes hartu ditzake, eta bi logela, sukalde komuna, egongela eta bi bainugela ditu.
Etxebizitzak plazan (Mutiloa)
Biztanleak herrian betiko gera daitezen, etxebizitzak egin dira plazan, eta horrela plaza erdigune izango da berriro herriko gainerako eraikinekiko. Sustapen kolektiboaren bidez etxebizitza berriak urbanizatzea eta eraikitzea izan da proiektua. Herriko plazan 6 etxebizitza eraikitzeko bigarren fasea da. Lehen fasean (2011), eraikinaren egitura, garajeak (lurpeko solairua) eta beheko solairuko zerbitzuak (liburutegia, kontsulta medikoa eta ludoteka) egin ziren, eta bigarren fasean, 2018ko proiektu honekin, eraikina bukatu da erabat, etxebizitzen bi solairu eraikiz.