Hitzaldi eta aurkezpenak uztailean Zumalakarregi Museoan
Datorren ostegunean, uztailaren 8an, Mikel Alberdik bere 'Irun, iraultza eta azken karlistaldia (1868-1876)' liburua aurkeztuko du Xabier Kerexeta historialariarekin batera.

Uztailerako hainbat jarduera antolatu ditu Zumalakarregi Museoak. Lehenengo ekintza datorren ostegunean izango da, uztailaren 8an. Mikel Alberdi museoko komisarioak idatzitako ‘Irun, iraultza eta azken karlistaldia (1868-1876)’ liburua aurkeztuko dute, 19:00etan. Xabier Kerexeta historialari eta etnografoak aurkeztuko du liburua, eta Alberdik berak ikerketaren xehetasunak emango ditu ondoren. Irungo Udalaren XV. Serapio Mugica bekaren emaitza da argitalpena.
Uztailaren 15ean, berriz, maiatzean inauguratutako ‘Urgulen magalean, Donostiako estanpak’ erakusketaren harira, Irati Otamendi doktore arkitektoak ‘Ormaiztegi bide herri’ hitzaldia emango du 19:00etan. Programako azken jarduera uztailaren 22an izango da. 19:00etan, Xabier Irujo Nebadako Unibertsitateko Euskal Ikerketen zuzendariak ‘Papers relating to Lord Eliot’s mission to Spain in the spring of 1835’ liburua aurkeztuko du museoan. Jardueretarako aurrez izena eman behar da, Zumalakarregi Museora deituta edo idatzita.