Zentzuz jokatzeko eguna
Gaur Santa Isabel eguna da, zumarragarren egun handia. Oraindik ezin da jairik ospatu, ordea. Ezpata dantza bakarrik egingo da eta alkateak zuhurtziaz jokatzeko eskatu die herritarrei.

Hainbeste itxialdiren eta murrizketaren ondoren, jendea askatasunez gozatzeko egarri da eta datu onek eta txertaketak gehiegizko erlaxazioa ekarri dute. Mallorcan edo Hernanin gertatu dena ikustea besterik ez da. Gaur uztailaren 2a da, zumarragarren egun handia. Aurten ez da festarik antolatu eta herritarrek herria toki onean uzteko aukera dute. Aurtengo Santa Isabel eguna, zentzuz jokatzeko eguna da.
Mikel Serrano alkateak «tentuz eta zuhurtziaz» jokatzeko eskatu die herritarrei. «Musukorik gabe ibiltzeko aukera dugu eta ziur hainbat kuadrilla Antiora igoko direla beraien mahaietan bazkaltzera. Baina zuhurtziaz joka dezatela, mesedez», aipatu du.
Inork ez du beste toki batzuetan gertatu direnak gertatzerik nahi. «Zumarragan oso datu onak ditugu eta datu horiek herritarrek egindako lan onari esker lortu ditugu. Ez dezagun orain aurreko hilabete guztietan egindako lana pikutara bidali. Oraindik ez gara denok txertatu eta oraindik ez dugu talde inmunitatea lortu. Egun batean egindako txorakeriarengatik oso arazo larria izan dezakegu. Oso ondo dakigu dagoeneko zer den gure bizitza hankaz gora jartzea: hildakoak, gaixoak, konfinamenduak…», gogoratu du Serranok.
Alkateak pazientzia pixka bat gehiago izateko eskatu die zumarragarrei. «Gutxi falta da amesgaizto honekin amaitzeko. Ondo bidean, datorren urtean Santa Isabel jaiez gozatu ahal izango dugu».
Gauzak horrela, Zumarragako Udalak ezpata dantza bakarrik antolatu du aurten, «kultura eta tradizioan oinarrituta». Dantzariek ezpata dantza egingo dute Antion eta Zumarragako plazan. Ekitaldia Urola Telebistan eta zelaiarizti.eus webgunean emango dute, zuzenean.
Antioko baselizako ekitaldiaz gozatzeko, gonbidapena behar da. Zumarragako Udalak 50 gonbidapen bikoitz banatu ditu izena eman duten zumarragarren artean.
Antiora igotzeko autobus zerbitzua egongo da eta ekitaldira gonbidapena tokatu zaion pertsonak joan beharko du derrigor. Ermitan bakoitza dagokion tokian eseri beharko da.
Antioko ezpata dantzaren eta mezaren ondoren, 12:45ean, dantzariek plazan dantza egingo dute. Aulkiak jarriko dira herritarrentzat.
Aurtengo ezpata dantzako kapitainak Lide Mendiaraz, Joseba Arratibel, Paula Urteaga eta Nekane Martin izango dira. Mendiaraz lehenengoz arituko da kapitain lanean.