Tartaloetxeko bikotea gailendu da kluben arteko eskuz binakako Euskal Herriko txapelketan
Final luze eta oso gogorra izan zen Beñat Azketak eta Aitor Elizegik Mungian jokatutakoa. 22-21 irabazita, txapela eta Euskal selekzioarekin San Franciscora eta Las Vegasera bidaiatzeko txartela irabazi dute.
Zegamako Tartaloetxe Pilota Elkarteko Aitor Elizegik eta Beñat Azketak, ohorezko mailan Euskal Herriko kluben arteko eskuz binakako txapelketa irabazi dute, Mungian. Atzo arratsaldean jantzi zuen txapela Goierriko bikoteak, Oberena taldeko bikotearen aurka “partida gogor” bat jokatu eta irabazi ostean; 22-21 izan zen emaitza.
Ordu eta erdi luze joan zen partida amaitzerako. Benetan borrokatua izan zen txapela, pilotarientzat, desgaste handikoa. Azketak berak, garaipenaren biharamunean halaxe kontatu du: “Partida guztian aurretik joan ginen, hasiera batean, 10 tantoko aldea ere izan genuen, eta amaiera aldea zirudienean, 20-13 irabazten, 21-15 ondoren, azkeneko tantoa ezin egin egon ginen denbora luzean. 21era berdinduta ere egon ginen, eta bikote batek edo besteak irabaztea erabakiko zuen tantoan, txapara bota zuten, markagailuak gure alde eginez. Zorte latza izan genuen!”. Emozioa azkenera arte mantendu zen beraz, eta “poz handia” suposatu du txapela irabazteak eta halako partida baten ondoren gainera.
Txapela janzteaz gain, beste sari oso garrantzitsu bat ere badu Euskal Herriko txapelketa honek. Euskal selekzioarekin, San Franciscora eta Las Vegasera bidaiatzatzeko txartela irabazi baitute, eta bertako euskal komunitateak antolatutako euskal festa handian parte hartuko dute. Azketak berak esan duenez: “Sari oso garrantzitsua da eta ilusio handia egiten digu, bizi guztian, Elizegik eta biok pilotan bikote osatu eta gero, bidaia hori elkarrekin egin ahal izatea”.
Udako hilabeteak lasai
Udako hilabeteetan, herriko festak izaten direnez, partida askoko hilabeteak izan ohi dira. Aurten baina, osasun larrialdiak baldintzatu du eta ohi baino lasaiago ibiliko dira. Uztailean eta abuztuan beraz, partida gutxi jokatuko dituzte. Irailean berriz, Gipuzkoako Txapelketan jarria izango dute burua.












