Pablo Garciak jantzi du Loinatz klasikoko txapela
Pablo Garcia madrildarrak irabazi du XCIII. Loinatz proba. Bigarren postua Xabi Berasategi olaberriarrak eraman du eta Lizarte taldeko Unai Esparzak hirugarrena.
Gaur goizean jokatu dute Ion Lazkanoren omenezko Loinatz klasikoa Beasainen. Hego Euskal Herriko eta Espainiako 23 urtez azpiko 186 txirrindulari lehiatu dira 145 kilometroko ibilbidean. Sei mendate igo dituzte guztira, Mandubia eta Olaberria tartean. Lasterketaren amaiera Nafarroa Etorbidean izan da, eta sari banaketa ere bertan egin dute.
Caja Rural taldeko Pablo Garcia madrildarra izan da lehena helmugara iristen gainontzeko txirrindulariengandik alde egitea lortu ostean. Bigarren saria, berriz, Goierrin geratu da Laboral taldeko Xabi Berasategi olaberriarrak lortutako postuari esker. Hirugarren postua, Lizarte taldeko Unai Esparzak eraman du gaurkoan.
Taldeka, Lizarte txirrindularitza taldea izan da hoberena gaurko lasterketan, eta tarteko helmugak eta mendikoa, Ignacio Rodriguez granadarrak eraman ditu XCIII. Loinatz proba honetan, Brócoli Mecánico taldekoa.