Pentsio publikoak "mehatxupean" daudela salatu dute pentsiodunek
Asteleheneroko deialdiari erantzunez herritar ugari bildu da Ordiziako Plaza Nagusian egin duten elkarretaratzean. Pentsiodunen mugimenduak protestekin jarraitzeko beharra ikusten du eta hala egingo dutela iragarri dute.
Espainiako Gobernuak, patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek pentsioen erreforma egiteko akordio batera iritsi dira. Parlamentuan aurkeztuko duten lege proiektua jaso dute bertan. Akordioagatik erreakzio ugari izan dira azken egunetan. LAB eta ELA sindikatuek kritikatu egin dituzte ezarri nahi diren neurrien ondorioak. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak, argi ilunak ikusten ditu, eta protestekin segituko dutela iragarri dute. Goierrin, Goierriko Pentsiodunen asteleheneroko hitzorduari erantzunez, herritar ugari bildu da Ordiziako Plaza Nagusian.
Pentsioen akordioak aldaketak ekarriko ditu. KPIaren araberako pentsio igoera egingo da. PPren garaian onartutako jasangarritasun faktorea indargabetuko da eta erretiroa atzeratzen dutenei pizgarriak ematea. Gainera, erretiroa aurreratzen dutenei neurri zigortzaile handiagoak ezarriko dizkiete. Erreformak ez du gutxieneko pentsioen zenbatekoa zehazten, bai ordea, kotizazio-aldia 35 urtera arte igoko dela, eta pentsio berrietan zenbatekoak beherantz doituko da
Protesten arrazoiak
Goierriko Pentsiodunek garbi dute, «kalean jarraitu behar dugu, hortan segitzeko arrazoi ugari daudelako». «Eskatzen dugu jakitea gizarte segurantzako funtsetik zenbat diru xahutu den. Auditoria publiko bat egitea exijitzen dugu».
«Bai ala bai eutsi egin behar zaie protestei, batzuk, pentsio duinagoak izan arren, gizartearen parte handi batek ez duelako pentsio duinik. Emakumeak eta batez ere alargunak dira egoera okerrenean daudenak. Ordainpeko lanik ez dute egin, baina horrek ez du esan nahi lanik egin ez dutenik..Bizi duten egoeraren aurrean irtenbideak behar dira. 1080ko pentsio minimoa ere eskatzen jarraituko dugu,…».
Mesfidati daude, «pentsio publikoak pribatizatzeko sarbidea» eman delako. «Esango dute, ez dela jasangarria, eta arrazoi hori emango dute, baina hori baino gehiago, problema ideologiko bat dago atzean»..
Pentsiodunen mugimenduak «pentsio publikoak defendatuko ditugu». Hori, eta gehiago ere bai; «Baita zaintza publikoa ere. Adineko jende asko hil da zaintza sistema oso prekarioan eta funtsa enpresa pribatuei eman zaielako erresidentzietako kudeaketarako. Zaintza erdigunean jartzea behar-beharrezkoa da». Greba orokorreko leloa ekarriz, errepikatu du «pentsio, zaintza eta bizi duina guztiontzat, hor manteduko gara».
Lazkaon azkena
Ordizian gaur egin duten bilkura, ikasturteko azken aurrekoa izan da. Azkena, datorren astelehenean, Lazkaon izango da, ohiko tokian, ohiko orduan. Abuztua pasata, irailean segituko dute mobilizazioekin.