Munduko txapelketara begira dago OKEU taldea
Ordiziako urpekoen taldea «pozik» dago denboraldi honetan egindako lanarekin. Horren erakusgarri da hiru igerilari Espainiako Selekziorako deitu izana.
Ordizia Kirol Elkartea Urpekoak taldea «pozik» agertu da aurtengo denboraldiak emandakoarekin. Ordiziako hegats igeriketako hiru igerilari hautatu ditu Espainiako selekzioak, junior eta senior mailatan.
Odei Rodriguez izan da junior mailan selekzioak hautatu duen igerilari eta Munduko Txapelketan parte hartu du, Italiako Lignano Sabbiadoro hirian. Hiru bakarkako proba eta hiru erreleboak igeri egin ditu. Bakarkako probei dagokienez, Odeik denbora bikainak egitea lortu du, eta erreleboetan ere lan bikaina egin du.
Bestalde, Ane Gonzalez eta Josu Sarasola seniorrek, uztailaren 1tik 11ra Errusiako Tomsk hirian jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartuko dute.
Espainiako txapelketa
Espainiako infantil eta kadete mailako txapelketetan, Alacant-en, izan dira OKEUko gazteenak. Nabarmentzekoa, Ana Izagirrek lortutako 3. postua, 400 metro murgilaldia proban. 4×100 nesken erreleboak ere 3. postuan sailkatu zen. Ana Izagirrek, Ekiñe Carrionek, Ohiane Urkiak eta Nahia Aiestaranek osatu zuten taldea. Azkenik, taldeko igerilari guztiek batutako puntuei esker, 10. sailkatu da OKEU.
Junior eta senior mailetako hitzordua uztailaren 18 eta 19an jokatuko da Benidormen.












