Dultzaina taldea, Legazpiko kaleetako giroa alaitzeko prest
Doinua musika eskolako dultzaina taldeak kalejira egin du Hegialdetik Euskal Herria plazaraino, bidean entzuleen txalo zaparradak bilduz
Dultzainaren doinu alaiak entzun ziren astearte arratsaldean Legazpiko kaleetan. Udalak antolatutako Uztakale kultur egitarauaren barruan, Doinua musika eskolako dultzaina taldeak kalejira egin zuen Hegialdetik Euskal Herria plazaraino, bidean entzuleen txalo zaparradak bilduz. Iazko uztailetik ez zuen kalean jotzen talde horrek, eta musikariak pozik aritu ziren, San Fermin bezperari keinu eginez gainera, lepoan zapi gorria jarrita.
Legazpiko dultzaina taldea Doinua Musika Eskolaren baitan sortua da. Badira zazpi urte musika tresna hori jotzen ikasteko aukera dagoela Doinuan, Mila Zubimendi irakaslearekin, eta horrek sustatuta sortua da taldea. Klasean ikasitakoa kalean praktikan jartzeak bultzatuta, dultzainaren eskaintzak arrakasta handia du musika ikasleen artean.
Doinuako dultzaina taldeak hainbat konpromiso ditu urtean zehar: inauteri igandeko kalejira, maiatzeko Santikutz jaietakoa, Olentzero errondakoa, eta Oñatin eta Zumarragan bana. Koronabirusaren eraginez azken hilabeteetan ezin izan die eutsi hitzordu horiei, eta iazko uztailetik ez dute kalejirarik egiteko aukeratik izan.