Erabilera askotarako aretoa sortuko dute Olaberrian, Elizegiberri botata
Berrehun metro koadroko ekitaldi-gunea izango da, 'passivhaus' teknikarekin eraikia. Zezilioene ondoko etxea udazkenean eraitsiko dute. Plaza irekia izango du gainaldean
Olaberriko herri-kaskoko sarrera birmoldatuko duen aurreproiektua ondu du udalak, eta, hein berean, ekitaldi askotarako balioko duen 215 metro koadroko aretoa sortuko dute. Elizegiberri etxea dagoen orubean eraikiko dute aretoa, gainaldean terraza irekia daukana.
Herri gunean aterpedun gune bat eraikitzeko aspaldiko nahia beteko du. Beste zenbait aukera aztertu izan ditu udalak, tartean udaletxe alboko plaza estaltzea. Baina, azkenean, duela urte batzuk erositako Elizegiberri etxea eta alboko garajeak bota, eta hor sortuko du espazio estalia, Zezilioenearen atzean.
«Plaza inguruan estalpe bat behar zen, aspalditik ari ginen aukerak aztertzen. Ekitaldiak antolatzeko toki faltan aurkitu izan gara. Barruko ekitaldi guztietarako frontoia daukagu bakarrik. Kultur etxea badugu, baina txikiegi gertatzen da, distantzia mantentzeko eta ezinezko», azaldu du Jokin Garmendia alkateak.
Areto berrian antzerkiak, hitzaldiak, kontzertuak, aurkezpenak edota mota askotako ekitadiak egin ahalko dira. Espazio diafanoa izango da, passivhaus deritzon teknika alemaniarrarekin eraikia. Energia kontsumorako autoaskia izango da. Geotermia erabiliko du, klimatizaziorako lur azpiko bero naturala hartuta.
Udazkenean hastekoak
Elizegiberri etxea botatzea izango da lehenengo lana. Eraisketaproiektua aurreratuta dago, eta irailean has daitezke. Zundaketak egingo dituzte gero orubean, geotermia hodiak sartzeko. Eraikin berria datorren urtean altxatzea eta «aurrerapen handi bat ematea» aurreikusi dute.
Udalak 500.000 euroko aurrekontua bereizi du obrarako, nahiz eta guztia erabili beharrik ez dela egongo kalkulatu duten.
Kaskorako sarreran dagoenez, ingurua txukuntzeko ere balioko dute lanek. Aretoaren teilatu gaina plaza ireki bihurtuko da, eta kalearen maila berean egongo da, elizaren barrenean. Azpian aretoa eta 45 bat metro koadroko terraza librea edukiko du.
Zerbitzuetarako 70 metroko beste gune bat ere egokituko dute, komunak eta ostaturako biltegi bat jartzeko. Zezilioenearekin lotuta egongo da.