Julen Gabirondo da Sega Ligan txapeldun, eta Jauregi bigarren
Asteburuan jokatu dute Almitzak antolatutako sega ligako azken jardunaldia, Nafarroako Imotz herrian. Gabirondo Migel Mari Jauregi zaldibiarrari gailendu zaio. Emakumezkoetan, Alaitz Imaz txapeldun.

Aizkora eta sega apustua Xabier Zaldua zumarragarrari nola, Euskal Herriko Sega Liga ere Migel Mari Jauregi Altzo-ri irabazi dio Julen Gabirondok. Larunbatean jokatu zen Almitzak antolatutako txapelketako azken saioa, Etxalekun (Imotz, Nafarroa).
Gizonezkoetan zegoen lehia estuena, berdin iritsi baitziren Altzo eta Gabirondo. Etxalekuko lana ez batek, ez besteak, Mikel Lizartzak irabazi zuen (3:23,06). Bigarren geratu zen Gabirondo, eta hirugarren Altzo. Puntu bakarrarengatik, beraz, Gabirondok jantzi du txapela (178), Altzo bigarren (177) eta Lizartza gero (174). 11 segalari aritu dira.
Emakumeetan, Ainara Otamendik (178) azkenera arte estutu du, Etxalekun irabaziz. Alaitz Imazek jantzi du txapela (179), bi puntuko aldea baitzuen. 10 segalari lehiatu dira multzo horretan.
Harrobiko lau txapelak
Maila nagusikoez gain, lau txapela gehiago banatu dituzte gazteen artean: Iñigo Etxabe (gizon gazteak), Auritz Alkorta (mutil gazteak), Mattin Etxarri (mutil gaztetxoak) eta Izadi Arrospide (neska gaztetxoak) dira garaile.