Uzta hila, hala gerta dadila
Kezka sortzen du giroak, belarrak egiteko nahiko lanarekin dabiltza. Aldiz sagar urtea datorreneko zantzu garbiak badira.
Zaila da eguraldiaren gorabeherak kudeatzea, batzuek beroa behar «eguzki orduak lapurtzen gabiltzala dirudi, belarrak egingo baditugu»; beste batzuk euri eskean, lehor dela baratzea esanez. Kontuak kontu produktu berri dezente ikus zitezkeen, atzo ere, Ordiziako ferian. Aire librekoen eskaintza nabarmen ugaritu da. Leka zabala Aramako Arantxa Zurutuzaren postuan (7 euroan kiloa). Berenjena edo alberjinia ere hasi da (3€/Kg); kuiatxo edo kalabazin zuria ere bai (3€/Kg) eta berdea asko ugaritu da (2-3€/Kg); baita luzokerra ere (2-2,5€/Kg). Azken urteetan, aipatutako barazki hauen estimazioa gora doala esan daiteke. Orain bizpahiru hamarkada burutik pasa ere ez zitzaigun egiten horiek gure eguneroko menuetan erabiltzea. Gure baratzean ondo datoz, eskura ditugu eta osasungarriak izanik merezi du ohitura berriak hartzea. Errezeta asko kozinatzeko aukera handia ematen dute gainera.
Tomatea oraindik ere negutegikoa bada ere, geroz eta gehiago ikusten da. Aldiz, ilar bakantzen eta bukatu da baba. Gerezirik ere ez ia. Ez da gerezi urte ona izan, aldiz oraintxe ageri denez sagar urtea datorrela esan daiteke. “Errezila aurreraxeago ikusi behar baina gainerako arbolak ondo beteta ikusten dira” aipatu digu J.L.Elosegi Gabiriko Oñatibi txikikoak. Sanjuan sagar asko dago oraindik eta datorren astean ondo bidean Idiazabalgo Kalbarioko Kardinale sagarra erosteko moduan izango gara.
Mikologia aldatzen ari da
Udaberriko ziza gutxi atzo, 20 bat kilo (25€/Kg), Basoakoen postuan soilik, Barrena plaza aurrean. Aldiz lehen gorringoak Lasaren postuan (30€/Kg). Onddoa (14-35 €/Kg) eta gibelurdina (14-26€/Kg) ugaritzen, hemengo kilo batzuk ere bai tartean. Eta zizahoria 15-16 euroan kiloa.
Hilak 8, urteurren berezia
Iaz gaurko egunez, uztailaren 8a izan zen egutegian marka berezia utzi zuena. Zailatasunak zailtasun, martxoaz geroztik, astero postu gutxiagorekin izanik ere, feriari eustea lortu zen. Uztailean Covid kasuen gorakada antzeman zela eta neurri bereziak hartu zituzten. Ospakizun oro bertan behera gelditzearekin bat posturik ez zen jarri ahal izan. Aldiz enkarguz egindako eskaerak D’elikatuz zentroan salduak izan ziren. Harrezkero «feria ez da lehengoa» diote saltzaileek, aho batez. Traben gainetik bezeroei dagokigu ohitura onak berreskuratzea.