Baloia eskuan eta ibili munduan
Urola eskubaloi taldeak udako campusa antolatu du klubeko haurrak fidelizatzeko eta jokalari berriak erakartzeko. Campuseko 25 parte hartzaileek Iker Serrano jokalari urretxuarraren bisita jaso dute.
Geroz eta ume gutxiago dago eta horrek kirol taldeen lana zailtzen du. Kirol asko aukeran, haur gutxi… eta gainera futbol ahalguztidunaren konpetentzia. Gauzak hala, Urola eskubaloi taldeak ere udako campusa antolatzea erabaki du: eskubaloian jolasten duten haurrak fidelizatzeko eta haur berriak erakartzeko. Baita lortu ere. 25 haurrek eman dute izena eta horietako bostek ez zuten eskubaloia ezagutzen.
Campusa astelehenean hasi zen eta hilaren 16an amaituko da. Parte hartzaileak Zumarragako Ispilla kiroldegian elkartzen dira, goizero. 2010, 2011, 2012 eta 2013an jaiotakoak 09:30etik 11:00etara aritzen dira eta 2007, 2008 eta 2009an jaiotakoak, 11:30etik 13:00etara. Eskubaloia ezagutzeko eta kirol honetaz gozatzeko aukera dute, entrenatzaile eta begirale tituludunen eskutik.
Eskubaloiko oinarri tekniko eta taktikoez gain, elkarbizitza lantzen ari dira. Bizi ohitura osasuntsuen garrantzia azpimarratuko diete, kirolaren eta elikaduraren eskutik. Gainera, parte hartzaile guztiek kamiseta bana jasoko dute opari.
Iker Serranoren bisita
Atzo egun berezia izan zen, Iker Serrano jokalari urretxuarraren bisita jaso zuten. Imanol Gartziandia ere joatekoa zen, baina ezin izan zuen. Serranok goiza haurrekin pasa zuen eta kamiseta bat oparitu zien. Parte hartzaile guztien artean zozkatu zuten eta Jokin Plazak eraman zuen.
Serranoren eskutik, eskubaloi jokalariek ere lagun asko egiteko eta toki asko ezagutzeko aukera dutela jakin zuten. Urretxuko jokalariaren ibilbidea begiratzea besterik ez dago: Urola taldean hasi zen eta ondoren Zarautz, Huesca, Almeria, Arrate, Puerto de Sagunto, Tremblay-en-France, Mulhouse eta Bidasoa taldeetan jokatu du. Datorren denboraldian Benidorm taldean jokatuko du. Espainiako eta Frantziako ligetan jokatzeaz gain, Txapeldunen Liga jokatu du.
Atzo Ispillara itzuli zen, Urolarekin lehen pausoak eman zituen tokira. «Herrira etorri aurretik, beste campus batean egon naiz: Gonzalo Perez de Vargas Bartzelona taldeko jokalariak Toledon antolatu duen campusean. Han ia 100 haur zeuden. Haurrekin aritzea oso atsegina da. Ilusioa dute eta hori oso polita da. Urola nire herriko kluba da, nire lehen taldea, eta lagundu ahal izatea pozgarria da».
Iñigo Cantero Urolaren campuseko arduraduna ere pozik ageri zen. «Helburua klubeko haurrak fidelizatzea eta berriak erakartzea da. Ondo pasatzea nahi dugu. Horretarako, jolasak egiten dituzte, postu ezberdinak ezagutzen dituzte, lurrera botatzen irakasten diegu… eta amaieran partida bat jokatzen dute, noski. Eskubaloian, gainontzeko kirol guztietan bezala, zenbat eta lehenago hasi, hobe», azaldu zuen.