Garapeneko lankidetza bekak eska daitezke Lazkaon
Lazkaoko gazte kooperanteek eska ditzakete dagoeneko garapen bidean diren herrialdeetan egingo dituzten proiektuetarako laguntzak. Lazkaoko Udalak 2.500 euro bideratu ditu herriko kooperanteentzat, eta joan-etorriko bidaien gastuak finantzatzeko diru laguntza emango du.
Laguntza eskuratu ahal izateko, 20 eta 30 urte bitarteko boluntarioa izan behar da, eta Lazkaon erroldatuta egon behar dute. Horrez gain, gobernuz kanpoko erakunde batekin aritu behar da lankidetzan, baina ezin du hartu-eman profesionala edo lanekorik izan.
Bestetik, proiektua garatzen ari diren herrialdean gutxienez hiru asteko egonaldia egin behar du laguntza jasotzen duenak. Udalak, aukeratutako lekurainoko bidaiaren gastuak ordainduko dizkie herriko kooperanteei, baita bisa, tasak edo istripu edo gaixotasun aseguruak ere.
Eskaerak uztailaren 23rako
Laguntza eskatzeko epea uztailaren 23ra artekoa da. Eskaera-orriarekin batera, lan-plangintza bat aurkeztu beharko du, euskaraz idatzita, baita curriculuma, tokiko erakunderen baten bermea eta aurreikusten dituen gastuen aurrekontu xehea ere.
Lankidetza egonaldia bukatutakoan, boluntarioak egindako lanaren argazki-memoria bat utzi behar du udaletxean, eta kanpainetan parte hartu.













