«Goierri Gorrin nire zikloa dagoeneko bukatu dela uste dut»
Goierriko nesken futbol klubaren proiektuaren sustatzaileetako bat, kirol zuzendaria eta lehen taldeko entrenatzailea izan da Zaldua (Ataun, 1963). Dena utzi, eta uda lasai hartu nahi du orain.
Goierri Gorriren sustatzaileetako bat zara, eta aurrez Beasainen ere ibili zinen. Bizitza guztia futbolari lotuta.
Garai batean futbolean jokatzen nuen. Utzi nuenean bizikletari heldu nion, eta gero berriz futbolera bueltatu nintzen.
Ekainaren 12an zuzendu zenuen Goierri Gorriko nagusien azken partida, eta taldeak Euskal Ligan jarraitzea lortu duzue. Zergatik taldea uzteko erabaki hori?
Goierri Gorrin nire zikloa jadanik amaitu dela uste dudalako.
Eta orain ze asmo?
Bizikleta hartuko dut berriz, lehen futbola utzi nuenean egin nuen bezala. Egia dena da ez dakidala ezer egin gabe egoten, eta leku batean sartzen naizenean buru-belarri sartzen naizela. Baina printzipioz uda lasai hartuko dut.
Sortu zenetik Goierri Gorrik bilakaera handia izan du. Zein da zure irakurketa?
Hazi egin da asko. Bat egiteko prozesuarekin hasi ginenenean, asmoa mutilekin ere antzeko zerbait egitea zen, baina azkenean bertan behera geratu zen. Neskena, berriz, ikusten genuen Ordiziak erregional mailako eta infantiletako taldea zuela; Lazkaok jubenilak eta infantilak; eta guk Beasainen Euskal Ligako taldea eta kadeteak… Denok kolokan geunden. Ikusten genuen zerbait egin beharra zegoela eta elkartu egin ginen. Atera kontuak, hiru talde horiek sei ekipo edukitzetik pasa ginen hamabost edukitzera. Hirukoiztu egin genuen.
Eta gaur egun?
Euskal Ligakoa, erregionala, kadeteak lau, eta infantilak eta alebinak bosna… Bada, hamasei edo hamazazpi talde. Gertatzen dena da ez dugula lekurik entrenatzeko. Jokalari kopurua asko igotzen ari da, baina talde kopurua ez dugu igotzen. Taldeak hamabostekoak egin beharrean hemezortzikoak egiten ari gara.
Gehiagorako ez duzue ematen orduan.
Fisikoki, zelai kopuruak mugatzen gaitu. Ez dugu leku bat gurea. Alde guztietan beste batzuekin konpartitu behar dugu. Beasainen Beasainekin, Ordizian Ordiziarekin, Lazkaon Lazkaorekin…
Horrenbeste haztea espero zenuten?
Horrenbeste ez dakit, baina haztea bai. Ikusten genuen nesken kirola hazten ari zela, afizio gehiago dagoela, kirolean ere berdintasunaren alde egin beharra dagoela… Espero genuen bai.
Goierri Gorrik norantz jo beharko luke?
Niretzat, garrantzitsuena, inguruko jendeak, barrukoek eta kanpokoek, Goierri Gorri zer den sinestea da. Proiektu polita da Goierri bailaran. Eta uste dut, ez guk, ez jokalariek, ez udalek, ez dugula ulertzen elkartuta zer onura izan ditzakegun, edo ez gaude oraindik prest hortaz jabetzeko.
Zergatik izan daiteke hori?
Bakoitzak gure herrira jotzen dugu. Niretzat igoal erraza da, Ataunen talderik ez dagoelako, eta errazagoa zait batera edo bestera jotzea. Kosta egiten zaigu beste herri batera joatea jokatzera, eta udal bezala ere kosta egiten zaigu proiektu hau denona dela sinestea. Oraindik falta zaigu, baina badoa pixkanaka.
Aurtengo denboraldian klub handien harrobiko hiru talderen aurka jokatu duzue: Alaves B, Athletic C eta Eibar B. Goierri Gorrik lehiatu dezake proiektu handiagoen aurka?
Hasteko esan behar da talde horiek jokalariak kentzen dizkigutela. Nesken futbolean asko nabarmentzen ari da hori, eta talde handiekin gehiago. Garai batean, Añorga eta Oiartzun ziren Gipuzkoako erreferentziak. Orain, Athletic, Eibar, Alaves, Reala… Lehen mailako egiturak dituzte, eta dirua dute, eta oso erraza da haientzat taldeak erostea. Garbi dago guri asko eragin digula horrek, baina aldi berean uste dut horretarako ere bagaudela.
Goierri Gorrirentzat onurarik badu euskal taldeak lehen mailan aritzeak?
Ikusten diodan onura bakarra da jokalarien progresiorako, talde horietakoren batek gure jokalariak fitxatzen baditu beste maila batean buka dezaketelako haien ibilbidea. Bestelakoan, zuzendaritzak akordioak lor ditzateke, baina horiek beste arlo bateko onurak dira.
Gero eta goierritar neska gehiago ari dira animatzen futbolera. Urteotan egin duzuen lanaren ondorio ere izango da hori.
Neska gazte piloa dauzkagu, baina benetako arazoa ere hortxe sortzen zaigu. Pandemiarengatik kadeteetako talde bat kendu egin behar izan dugu aurten. Goiko mailetan beste bat da egoera, zailagoa da. Galbahea izaten da ikasketa kontuak direla eta ez direla, eta nesketan mutiletan baino gehiagok uzten dute. Baina ondo gaudela esango nuke, eta ia Goierri osoko neskak kudeatzen ari gara.
Kantitatea bai, eta kalitatea?
Lehen eta orain, alde handia dago. Lehen talde batean bost edo sei zenituen onak, baina orain denak dira hobeak. Berdintzen joan da, gehiago jokatzen dutelako orokorrean.
Pandemiaren eraginez utzi duenik izan al da?
Denboraldi hasieran uste genuen ez genuelako jokatuko, baina Euskal Ligako taldea erdiprofesional bezala jo zuten, eta urrian hasi ginen jokatzen. Kadeteetatik gora otsailean hasi ziren. Jende dezentek utzi du, batzuk beldurrez, beste batzuk jarraitzeko zalantzan zeudelako…
Eta epe luzera izan dezake honek eraginik?
Ezetz espero dut! Azkenean seniorretan ez dago adin mugarik, eta pentsatu nahi dut gero eta errazagoa izango dela talde horiek osatzea.
Egiturari buruz zer duzu esateko? Badago konpromisorik?
Gurasoak, bat edo beste, beti inplikatzen dira. Arazo gehiago dago entrenatzaile aldetik. Nik gorri ikusten dut hori. Hasteko, maila batzuetan eskatzen dute entrenatzaileak titulatuak izatea, eta horiek neskak entrenatzen jartzea kosta egiten da, asko gainera. Niretzat hori da gabeziarik handiena, baina pentsatu nahi dut hori ere aldatuko dela.
Goierri Gorrik batzar orokorra du gaur zortzi Goiekin
Goierri Gorri Futbol Klubak batzar orokorrerako deialdia egin die bazkide guztiei gaur zortzirako, hilak 16. Amaitu berri den 2020-21 denboraldiaren balorazio orokorra aurkeztuko du zuzendaritzak. Batzarra Goiekik Ordiziako Arranomendian duen NBF eraikinean izango da, 19:00etan. Hiru dira batzarrean landuko dituzten gai nagusiak: urteko balantze ekonomikoa, kirol arloko balorazioa eta zuzendaritza berritzea. Bestelako gairen bat lantzeko aukera ere zabalik utzi du zuzendaritzak, eta bukaeran galde-erreguen txanda izango da. Parte hartzeko deia egin diete bazkideei.