'Irun, iraultza eta azken karlistaldia' liburua aurkeztu du Mikel Alberdik
Irungo Udaleko XV. Serapio Mujika bekaren bidez, 1868tik 1876ra arteko garaia ikertu du Zumalakarregi Museoko artxibo arduradunak bere lanerako. Museoan salgai dago
Mikel Alberdi historialariak eta Zumalakarregi Museoko artxibo arduradunak apirilean argitaratutako Irun, iraultza eta azken karlistaldia (1868-1876) liburua aurkeztu du Ormaiztegiko museoan. Irungo Udaleko XV. Serapio Mujika bekaren emaitza da lana, eta Irungo artxiboan burutu du ikerketaren zatirik handiena. Euskal Herrian garai hartan gertatutakoari buruzko «ideia bat hartzeko aproposa» izan daitekeela adierazi du Alberdik.
1868tik 1876ra arteko historia tartea aukeratu du argitalpenerako: «Horrek hartzen ditu iraultza gloriosoa deitutakoa, hortik aurrera gertatutakoak eta azken karlistaldia, hasi eta bukatu arte». Beka lanaren zatirik handiena Irungo artxiboan egiteko izan ohi da, gai librearekin, eta aurretik bekarekin egindako lanei erreparatuta hautatu du bere gaia: «Batetik, interesgarria zen nire lanagatik landua dudan gaia delako, eta bestetik, jarraipen bat ematen diolako aurretik egindako lanei».
Ikuspegi zabala
Urtebete eman du ikerketarekin Alberdik, Zumalakarregi Museoko lanarekin uztartuta: «Niretzat sekulako pribilegioa izan da. Ikerketak egiten ditugu, baina hain sakon eta zabal jorratzeko aukera zaila izaten da eta izugarri gozatu dut ikerketa lanean». Irungo artxibotik ateratako informazioa da nagusi liburuan, baina garai hartan Euskal Herrian gertatu zenari buruzko «ikuspegi zabalagoa» ere eman dio. Bi zati ditu liburuak: historia kontakizunaren zatia, garaiko bertsoez eta prentsa testuez osatutako gehigarriekin, eta ilustrazioen katalogoa. Azken horretarako 1868-1876 urte arteko irudiak bildu ditu, erakunde ezberdinetatik.
Atzo arratsaldean izan zen aurkezpena Zumalakarregi Museoan. Egileaz gain, bertan izan zen Xabier Kerexeta historialari eta etnografoa ere.
Museoan eskuragarri
Irungo Udaleko bekaren bidezko argitalpena izan denez, Irungo artxiboak kudeatuko du liburuaren zabalpena eta salmenta. Alberdik azaldu duenez, Irungo artxiboan zein Irungo udaleko bulego nagusian salgai dago liburua dagoeneko, eta Zumalakarregi Museoan ere jarriko dute eskuragarri.