Kutxabiraren ondarea Goierrin gelditu da jasota
Iparra-Hegoa elkarteak Lazkaoko Beneditarren Artxiboan utzi ditu Argentinan eta Euskal Herrian jasotako mezuak, eta kutxa bera Segurako Ardixarra museoan.
Iparra-Hegoa elkarteak aurten gauzatu duen Kutxabira ekimenaren ondare ukigarria Lazkaon eta Seguran dago jada, artxibategi banatan gordeta. Elkarteko arduradunek eta ordezkariek gaur goizean utzi dituzte Beneditarren artxibategian eta Ardixarra museoan biran jasotako mezuak eta kutxa bera. COVID-19aren pandemian, Euskal Herriaren nortasuna eta kultura munduan barrena ezagutarazteko asmoz egin dute aurten Kutxabira.
Lehenbizi, Argentinako eta Euskal Herriko euskaldunek kutxan sartutako mezuak Lazkaoko Beneditarren Artxibategira eraman dituzte. Kutxabira martxoaren 20an hasi zen, Argentinan, eta maiatzaren 30ean Seguran bukatu. Bien bitartean, bi nazioetako 80 herritan izan zen, eta herritarrek utzitako desioak, mezuak, oharrak eta idatziak batu, eta Juan Joxe Agirrek zuzentzen duen artxiboan gordeko dituzte. Rufino Mujika beneditar buruak eta Xabier Albizu Iparra-Hegoa elkarteko lehendakariak sinatu dute hitzarmena.
Ondoren, Segurako Ardixarran, zurezko kutxa tailatua utzi dute, baita Amets Artzallus bertsolariak Kutxabirarako idatzitako bertsoaren pergaminoa ere. Pandemia garaiko murrizpenak eta mugikortasun arazoak tarteko, kutxaren ikurrarekin gauzatu dute aurten Euskal Herri barruko eta diasporarekiko lotura. Baina datorren urterako atzera normaltasunera itzultzeko asmoa dute. Kutxabiraren zikloa itxi dute, beraz, gaurko dohaintzekin.
Bestetik, Kutxabira. Herriz herri euskara oinarri dokumentala uztailaren 16an aurkeztuko du Iparra-Hegoak, Urruñan (Lapurdi), Itsas-Mendi zineman. 65 minutuko ikuskaria da, Iban Garciak eta Amaia Renobalesek egina. Kutxabiraren sorrera, Baionako Bernat Etxepare Lizeokoen ideiatik abiatuta, eta bilakaera eta munduan zeharreko ibilerak kontatuko ditu.