Munduko txapelketan errekor berri bat, Ane Gonzalezena
Errusiako Tomsk hirian jokatzen ari den urpekoen Munduko Txapelketan, 100 metro urazala proban Espainiako errekor berria ezarri du Ane Gonzalez ordiziarrak
Indartsu ari dira Goierriko emakume kirolariak. Azken hilabeteetan errekor berri garrantzitsuak ezarri dituzte modalitate desberdinetan. Hortxe dago Nora Tobarrek altuera jauzian lortutako, besteak beste. Eta orain, Ordizia Kirol Elkarteko Urpekoak taldetik dator notizia. Iragan ekainaren 4an Goierriko Hitza egunkariak iragarri zuen Munduko Txapelketara joatekoa zela Ane Gonzalez junior mailako igerilari ordiziarra, Espainiako selekzioak hautatuta. Gonzalezek orduan egin zituen adierazpenen arabera, ez zuen lortu duena lortzeko aukera gehiegirik ikusten, baina bai, Espainiako errekor berria ezarri du 100 metro urazala proban, Errusiako Tomsk hirian.
Oraindik Errusian dela, eta erreleboen proba jokatzeko zain, errekor berria lortzea «sorpresa handia» izan dela adierazi du.Izan ere, Errusiara iritsi eta txapelketa hasi aurreko entrenamenduetan eta proba egin aurreko beroketan, horrelako abiadura proba batean lan ona egiteko «txispa falta» zuela nabarmendu du telefonoaren bestaldetik, irriparra ere ateratzen zitzaion bitartean.
Baina Gonzalezek berak uste zuena baino askoz ere hobeto egin zuen. «Urduri nengoen, baina oso garbi nuen nola egin behar nuen igeri, eta gauzak ondo atera ziren!».
Aurretik ezarrita zegoen errekorra ondo ezagun zuen Gonzalezek. «Igerian ari nintzela ez nintzen konturatzen denbora hain ona egingo nuenik». 100 metroak igeri egin, burua uretatik altxatu eta «segundo bat behetik egin nuela konturatu nintzen! momentu horretan ezin nuen sinetsi».
Esperientzia «ahaztezina»
Poz ikaragarria, errekor berri bat, baina esperientzia «ahaztezi na» ere izaten ari da Errusiakoa abiduran espezialista den ordiziarrarentzat.
«Ikasteko oso baliagarria izaten ari da», nabarmendu du, «maila oso altua dago hemen, sekula ez dut horrelakorik bizi, izan, eta asko ikasten ari naiz».