Tokian tokiko printza txikiak
Urtero, jazz musikaren eskaintzarik oparoenetako bat izaten da Donostiako Jazzaldia —uztailaren 21etik 25era egingo dute aurten—, baina ez bakarra. Goierriko Jazzaldia egingo dute, gaurtik igandera, Ordizian eta Araman.
XIX. mendearen amaieran Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) sortutako musika generoa da jazza. Esklabo beltzek Afrikatik eramandako eta kristau erlijiotik jasotako kantu eta doinuak ditu oinarrian. Nahasketa horri izaera berri bat eman zioten AEBetan, eta euren egin zuten. Jazzak hainbat molde eta genero garatu ditu sortu zenetik gaur egunera arte, eta beste hainbeste musika estilo eta bariazio sortu dira gerora: soula, bluesa, swinga, funkya, bebopa… Jazz musikak nortasun konplexua du eta ez da erraza definizio zehatz bat ematea, musika estilo askoren nahasketa baita. Genero horien guztien erakusgarri izango da, berriz ere, Goierriko Jazzaldia, gaur hasi eta igandera bitartean. Iazko etenaldi derrigortuaren ondotik, indarberrituta dator jaialdia, entzuleen gozagarri.
Urtzi Etxeberria Goierriko Jazzaldiaren antolatzaileetako batek esan duenez, musika gustuko duen lagun batzuen bazkari baten bueltan sortu zen jaialdia antolatzen hasteko ideia, orain bederatzi urte. “Oso pozik gelditu ginen lehenbiziko jaialdiarekin, eta hementxe jarraitzen dugu oraindik ere”. Zortzigarren ekitaldia izango da aurtengoa, COVID-19agatik bertan behera utzi behar izan zutelako iazkoa.
Goierriko Jazzaldiaren erdiguneak Ordizia eta Arama izan dira hasieratik, baina antolatzaileek ez dute baztertzen eskualdeko beste leku batzuetara zabaltzea ere, “agian, beste herriren batean urtean zehar kontzerturen bat edo beste eskainiz”, zehaztu du Etxeberriak. Hain zuzen, “jazza herritar guztiei gerturatzea” izan du xede ekimenak hasieratik. “Jendea gure kontzertuetara erakarri beharrean, musika guk geuk jendeari eramatea izan da asmoa, jazza Goierrira zabaltzea, alegia”.
Bertako musikarien habia
Goierriko Jazzaldiak duen beste berezitasunetako bat da Euskal Herriko musikariei leku bat eskaintzen diela, nahiz eta gaur egun kanpoko taldeak ere izaten diren. “Lehenbiziko urtean, Euskal Herriko musikariak soilik izan genituen, baina, bigarren urtetik aurrera, Espainiara zabaldu genuen esparrua”, esan du Etxeberriak. Zentzu horretan, kanpoko musikari horiek “berezitasunen bat” izan dezaten saiatzen dira beti: “Azken finean, bertan musika hori egiten duen norbait badago, bertakoari emango diogulako lehentasuna”.
Hasiera batean, jazza askori “musika arrotza edo entzuteko zaila” iruditu arren, Euskal Herrian ere badira jazza egiten duten taldeak. “Harrigarria da zenbat eskaintza jasotzen ditugun bertako musikariengandik. Guretzat zorionez eta eurentzat zoritxarrez, ezetz esatea tokatzen zaigu askotan”, adierazi du antolakuntza taldeko kideak. Etxeberriak aitortu duenez, jazza beti ez da izaten entzuteko erraza. “Jazz klasikoan, esaterako, inprobisazioaren arabera, gerta daiteke entzuten duzun hori ondo ez ulertzea, eta, ondorioz, musikaz ez gozatzea”. Goierrin jazz klasikoa entzuteko aukera izango da gaurtik igandera, baina baita beste musika estilo asko entzutekoa ere: “Mota askotako jazza eskaintzen saiatzen gara”.
Iaz, ia dena prest zeukatela, bertan behera utzi behar izan zuten jaialdia. Horregatik, iazko egitaraua mantendu dute aurten. No More Jazz Brass Band (19:00) eta Maria Yfeu (22:00) ariko dira gaur, Ordizian. “New Orleans musika estiloa jorratzen duen banda da lehena, eta Espainian sona handia hartzen ari den abeslari gaztea bigarrena”. Araman izango dira biharko saioak: Alberto Arteta Laurok (18:30) eta Velmuz (20:30). “Jazz klasikoenaz” gozatzeko aukera egongo da, “eta baita abeslari ezagunen bertsioak ukitu berezi batekin entzutekoa ere”. Aurten, lehen aldiz parte hartuko du abesbatza batek jazzaldian, etzi, 19:00etan, Ordiziako Andre Mariaren Jasokundearen elizan: Ordiziako Oroith abesbatza Aldapeko Basque Latin Jazz taldearekin ariko da. “Soul eta jazz abestien moldaketak egin dituzte, eta sorpresa izango da”.
Egoera berrira egokituta antolatu dituzte emanaldi guztiak. Hesiak jarriko dituzte kontzertu eremuak mugatzeko eta eserita ikusi beharko dira saioak. Doan da sarrera, baina aurretik hartu behar da.
EGITARAUA
Uztailak 9, ostirala
19:00. No More Jazz Brass Band.
22:00. Maria Yfeu.Uztailak 10, larunbata
18:30. Alberto Arteta Laurok Featuring Chris Kase.
20:30. Valmuz.Uztailak 11, igandea
19:00. Oroith abesbatza eta Aldapeko Basque Latin Jazz.