200 korrikalaritik gora lehiatu dira Bealak taldeak antolatutako XI. Herri lasterketan
Unai Ibarrak irabazi du 11 kilometroko lasterketa. 5,5 kilometrokoa, berriz, Izaro Rubio eta Mitxel Cuadrado bikoteak.
Bealak taldeak, jatorrizko data baina lau hilabete beranduago gauzatu du gaur goizean igandeko XI. herri lasterketa. Gaur egungo egoera oraindik ere aldrebes samarra den arren, koronabirusak ezarritako baldintzetara egokitzea lortu du kirol taldeak. Lasterketa antolatzen ibili den Koldo Agirre beasaindarraren hitzetan «normaltasun girora bueltatzekotan» lasterketa egitera animatu ziren beharrezko segurtasun neurri guztiak hartuta, eta jendearen erantzuna «oso positiboa» izan dela adierazi du.
Ohi bezala, bi ibilbide prestatu dituzte. Luzeena 11 kilometrokoa izan da, eta lasterketa honetan Unai Ibarra arrasatearra izan da lehenengoa helmugara iristen. Bigarren postuan, berriz, Koldo Ayesta laudioarra heldu da, eta hirugarrengoan Mikel Ibergallartu arratzuarra. Lasterketa honetako lehenengo emakumea Ibarrako Maialen Muñoz korrikalaria izan da, 36. postuan. Bigarrena, Barakaldotik etorri den Maite Arraiza, eta hirugarrena, berriz, Ororbiako Nuria Rodrigez lasterkaria.
Bigarren lasterketa mixtoa izan da, 5,5 kilometrokoa. Lehenengo postua Izaro Rubio eta Mitxel Cuadrado ordiziarrek eraman dute gaurko lasterketan, eta haien atzetik heldu dira bigarren postuan Jose De la Cruz eta Alicia Vetas errenteriarrak. Hirugarren postuan, Ainhoa Usandizaga orioarra eta Mikel Usandizaga aiarra heldu dira.