Ekaitz Goikoetxeak zazpigarrenez irabazi du Basarri Saria
Bertsolari beasaindarrak euskal gatazkaren inguruan hitz egiten duen sortarekin irabazi du Basarri Saria
2015az geroztik bosgarrenez jaso zuen atzo Ekaitz Goikoetxea bertsolariak Basarri Saria, guztira zazpigarrena. Beasaindarrak bere sare sozialetan adierazi duenaren arabera, «sari guztiak dira bereziak, baina atzokoak bazuen berezitasun gehigarri bat». Izan ere, aurreko sortetan «ikasleren baten edota lagunen baten barrutik» idatzi bazuen ere, bere-beretik idaztera ausartu da oraingoan.
Euskal gatazkak eragindako sufrimenduan jarrerak hurbildu beharra aldarrikatu du bertsolari beasaindarrak Mingarri den bitartean sortan. Goikoetxeak musikaz lagunduta kantatu zituen bertsook saio musikatuaren barruan, eta epaimahaiak, bertsoen bikaintasuna ez ezik, diskurtsoan egindako ekarpena ere saritu nahi izan du. «40 urtean gehien hustu naizen eta bete nauen bertso sorta da hau», aitortu du beasaindarrak.