AMPOk lantegi berria irekiko du Saudi Arabian
Dammam industria hirian izango da. Irailean jarriko dute erabat martxan.
Idiazabalgo AMPO kooperatibak Saudi Arabian lantegi berri bat irekiko du, Dammam hiri industrialean. Irailean jarriko dute erabat martxan lantegia eta orduan egingo dute irekiera ofiziala. Oil&gas, kimika, petrokimika, ur eta meatzaritza sektoreetako balbulak ekoitziko ditu. Saudi Arabiako Saudi Vision 2030 dibertsifikazio programa “sendotzen” lagunduko du AMPOk ohar bidez adierazi duenez. Programaren helburua “ekonomia dibertsifikatzea eta herrialde horrek petrolioarekiko duen mendekotasuna gainditzea” izango da. Lantegi berriak muntatzeko guneak, proba bankuak, pintura eta bidalketetarako instalazioak izango ditu.
Nazioartekotzea, bezeroenganako orientazioa, AMPO Service bultzatzea, energia-trantsizioa eta digitalizazioa dira kooperatibaren 2021-2023 plan estrategikoaren ardatzak.