Iñigo Marotias izango da Ordizia Rugby Elkarteko kirol zuzendari berria
Txurrukak utzitako postua hartzeaz gain, entrenatzaile karguan ere jarraituko du Marotiasek. Asier Pazos izango du laguntzaile.
Aldaketa gehiago datoz Ordizia Rugby Elkartera. Iñigo Marotiasek hartuko du OREko kirol zuzendari kargua, Jon Txurrukak utzitako hutsunea estaliz. Marotiasek, gainera, lehen taldearen entrenatzaile izaten jarraituko du; baina ez da bakarrik ariko lan horretan. Izan ere, Asier Pazos, orain arte 23 urtez azpiko taldeko entrenatzaile zena, izango du bidelagun.
Klubaren esanetan, “egunerokotasunean berebiziko garrantzia duen postua” da kirol zuzendariarena. Zentzu horretan, Txurrukak egindako lana eskertu nahi izan dute. Eta hurrengo zikloari begira, “klubaren dinamika eta lan egiteko modua soberan ezagutzen duen pertsona baten aldeko apustua” egin nahi izan dute. Izan ere, Marotias “bizitza guztian klubari estu lotuta” egon da; bere ibilbidea jokalari moduan hasi zuen eta azken urteetan entrenatzaile lanetan aritu da. “Kluba eta jokalariak ezin hobe ezagutzen ditu Marotiasek eta ardura handia eskatzen duen erronka berri honi gogo handiz heltzen diola garbi dago”.
Marotiasekin batera, Asier Pazosek izango du lehen taldea entrenatzeko ardura. Orain arte 23 urtez azpiko taldearen entrenatzaile eta klubaren prestatzaile fisiko izan da. Pasa den denboraldian, ligako finalera iritsi zen talde filialarekin; titulua irabazterik lortu ez bazuten ere, denboraldi bikaina osatu zuten. “Pazosek jokalariak eta taldeko funtzionamendua aski ezagunak ditu eta lan bikaina egingo duenaren zalantzarik ez daukagu”.
Bi aldaketa horiekin, klubak “azken urteetan duen proiektu sendo eta ilusionagarriari jarraitasuna” eman nahi dio. OREren ustez, “helburuak finkatu eta horiek lortzeko bidea eraikitzeko pertsona aproposak dira, eta klubaren filosofia eta lan egiteko modua aski ezagutzen dutenak”.